Frankistek fusilatutako 400 pertsonak eta tropen etorreragatik alde egin zuten herritarrak omendu nahi dituzte.
Oroimen ekitaldiaren aurkezpenak. (Argazkia: Malen Aldalur)
80. urteurrenarekin batera 1936an udalbatza osatzen zutenak eta tropa frankisten etorreragatik hiritik alde egin zutenak gogoratuko eta omenduko ditu Donostiako Udalak irailaren 13an.
80. urteurrena da aurtengoa eta Juan Ramon Viles presidentzia zinegotziak azaldu duenez, udalbatzak jasandako injustizia salatzeko eta gogoratzeko ekitaldi “xume eta sentitu bat” egin nahi dute. Bi egitasmo antolatu dituzte oroimen ekitaldirako; irailaren 13an udalean egingo duten ekitaldi instituzionala, eta irailaren 13tik azaroak 27 bitarte Aieten egingo duten
‘Oroimena Bizirik’ erakusketa.
Ekitaldi instituzionalari dagokionez, “herritarrak protagonista” izango direla eta “ekitaldi sentitu” bat izango dela aurreratu du zinegotziak. Erakusketa berriz, “didaktikoa” izango dela esan du: “Testuinguru orokorra eskainiko da lehenengo, lokala ondoren, eta azkenik, biktimen ahotsak entzuteko aukera egongo da”.
Ez dutela ezer “ospatu” nahi baina gertatutako “oroitu” nahi dutela esan du Vilesek, eta gogorarazi du garaiko biztanleriaren ia erdiak alde egin zuela hiritik tropen etorrerarekin.