Irailaren 9an, Sail Ofizialeko ekitaldietarakoak eskuratu ahal izango dira; eta, irailaren 11n, gainerako saioetarakoak.
Donostia Zinemaldirako sarrerak lortzeko ilara. (Argazkia: Lide Ferreira)
Donostia Zinemaldiaren 64. ekitaldirako sarrerak ostiralean eskuratu ahal izango dira, 9:00etatik aurrera. Izan ere, irailaren 9an (ostirala), Sail Ofizialeko ekitaldietarako sarrerak (Inaugurazioa, Donostia Sariak eta Itxiera) jarriko dituzte salgai. Irailaren 11n (igandea), berriz, gainerako saioen sarrerak egongo dira eskuragarri.
Zinemaldi plazako leihatiletan (Kursaal Elkarguneko beheko solairua) eta Kursaal Elkarguneko leihatiletan (Sail Ofizialeko abonamenduak eta 10 sarreratik beherako erosketak), eta Interneten (
www.sansebastianfestival.com eta
www.kutxabank.net). Sarrerak beste leku hauetan ere erosi ahal izango dira: Viktoria Eugenia Antzokian, Tabakaleran, Principe zinema aretoetan (hilaren 16tik aurrera) eta Trueba eta Antiguo Berri zinema aretoetan (hilaren 17tik aurrera). Antonio Elorza Belodromoko sarrerak Antonio Elorza Belodromoko lehiatilatan bertan ere izango dira salgai saioak hasi baino bi ordu lehenago.
Deskontu ugari
Saio bakoitzeko gehienez 4 sarrera erosi ahalko ditu pertsona bakoitzak. 7,20 euro balio duten saioetarako 10 sarrera baino gehiago erostean % 25eko deskontua egingo da, baldin eta erosketa bakar batean egiten bada. San Telmo Museoko emanaldietarako sarrerak doan izango dira, eta gonbidapenak Zinemaldi Plazako lehiatilatan jaso beharko dira.
Bestalde, Kutxabanken Gazte Txartela dutenek (Gaztekutxa, Visa K26 eta Vital Gazte) % 50eko deskontuaz gozatu ahal izango dute sarrera bakoitzean, K1-eko ekitaldietan eta Antonio Elorza Belodromoko saioetan izan ezik. Gainera, euro bat bakarrik ordainduko dute euskarazko azpidatziak dituzten filmetarako.
Donostia Kultura Txartela eta Gazte Txartela dutenek % 10eko deskontua izango dute 7,20 euro balio duten saioetan. DK txartela Zinemaldi Plazako eta Viktoria Eugeniako leihatiletan bakarrik erabili ahal izango da, Gazte-Txartela, berriz, Zinemaldi Plazako leihatiletan soilik.
Filmen gida
Zinemaldiko emanaldi guztien informazioa biltzen duen filmen gida irailaren 10etik (larunbata) aurrera egongo da salgai 1,50 euroren truke, leihatilen ondoan dauden Kursaaleko informazio-standetan eta Okendo plazako standean ere. Gainera, irailaren 11tik (igandea) aurrera, hiriko eta Gipuzkoako herrietako kiosko nagusietan eta Donostiako Turismoan ere eskuratu ahal izango da.
Programazioari buruzko informazio guztia
Zinemaldiaren webgunean egongo da eskuragarri irailaren 10etik aurrera.