Erlijioak eta espiritualitateak elkartzeko lekua eraiki dute Oñati plazan
zenbait jarduera egingo dituzte konfesio ezberdinek antolatuta.
Möbius du izena hirian dauden erlijio eta espiritualitate ezberdinak elkartzen dituen eraikinak. Irailaren 7an inauguratu dute eta bertan izan dira, besteak beste, Eneko Goia alkatea, Xabi Paya Donostia 2016ko zuzendaria, Juanjo Arrizabalaga EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko zuzendaria eta konfesioetako ordezkariak: islamismoa, baha’i fedea, kristautasun katolikoa, Azken Egunetako Santuen Jesukristoren Eliza, budismo tibetarra, kristautasun erreformatua eta ebanjelikoa, kristautasun ortodoxoa, Filadelfiako eliza ebanjelikoa eta zen budismoa.
Baitara baita proiektuaren barnean egin dute eraikina. Donostia 2016, Donostiako Udaleku Kultur Aniztasuneko Sailak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak sustatu dute proiektua elkarlanean. Erlijio aniztasuna kudeatzeko erronkari heldu nahi diote, “erlijioek gizartea kohesionatzen laguntzeko bete dezaketen eginkizun positiboa oinarri hartuta”.
Eraikina EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko azken kurtsoko ikasleek diseinatu dute. Horretarako, komunitate erlijioso eta espiritualetako kideekin harremanetan egon dira ikasleak, “haien ezaugarri eta beharrak lehen eskutik ezagutzeko”.
Gogoetarako toki “babestua” izatea nahi dute: “Erdibidean handitu egiten da ibilbide hori, eta egoteko zein bestelako pertsonen konpainiaz gozatzeko tokia sortzen da, edota beste edozein ekintza kolektibo ospatzekoa”.
2017ra arte egongo da eraikina erabilgarri. Dena den, Goiak honela adierazi du: “2017ra bitartean egongo da plataforma, baina espero dugu handik aurrera eraikinaren baloreak hiri osoan zehar zabaltzea”. Gaineratu du erlijioak “espazio pribatutik publikora ateratzeko” ordua dela, eta “ezinbestekoa” dela elkar ezagutzea elkar errespetatu eta elkarrekin bizi ahal izateko.
Irailaren 8tik aurrera