Laida Arrieta, berdintasun teknikaria. (Argazkia: Malen Aldalur)
Garbitu, zaindu, entzun, egon. Egiteko bat baino gehiago ditu etxeko langileak; “emakumea gehienetan, eta atzerritarra askotan”. Lanbide horretan aritzen direnei
euren eskubideen berri emateko aholkularitza zerbitzua jarriko du martxan Donostiako Udaleko berdintasun sailak urriaren 3an Emakumeen Etxean.
“Aspalditik genuen ideia buruan. Emakumeen etxean badago aholkularitza zerbitzu bat emakume guztientzat edozein gairen inguruan galdetzeko; baina asko ziren euren eskubideen inguruan galdezka deitzen zuten etxeko langileak. Hori dela eta, aholkularitza zerbitzu espezializatu bat ematea erabaki genuen”, azaldu du Laida Arrieta Cristobal, Donostiako Udaleko berdintasun teknikariak.
Emakume kolektibo honen egoera “prekarioaz” jabetuta jarri dute martxan doako aholkularitza zerbitzua. Egoera “larrian” dagoen kolektibo bat da etxeko langileena, eta euren egoerari “aurre egiteko” erremintak eskaini nahi dizkiete. Horregatik,
urriaren 3tik aurrera doako aholkularitza zerbitzua eskainiko dute astelehenero 16:30etatik 18:30etara. Beharrezkoa da aurrez hitzordua hartzea, eta horretarako bi aukera daude:
Donostiako Emakumeen Etxera joatea edo 943483470 telefonora deitzea.
Aholkularitza zerbitzuaren xehetasunak jasoko ditu IRUTXULOKO HITZAk ostiralean argitaratuko den erreportajean.