Hogeitabosgarrenez egingo dituzte Astronomia jardunaldiak
Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatuta, gaur hasiko dira, Koldo Mitxelenan; haurrentzako tailer bat ere antolatu dute larunbaterako.
Bi ikerlarien lana
Oraingoan, Donostia inguruan astronomiarekiko interesa duten pertsona guztiei bi ikerlarik egindako lana gerturatuko diete. Partikulen fisikan eta behaketako kosmologian Europa mailako ikerketa-zentroetan egiten dute lan biek. Mikrokosmosa eta makrokosmosa elkarri lotuta dauden zientziari buruzko beren ekarpenen eta etorkizuneko aurreikuspenen berri emango dute. Bestalde, hitzaldien gain, urriaren 8an, larunbata, 11:00etan, gaztetxoentzako astronomia tailerra antolatu dute Aranzadiko egoitzan, Zorroagagainan (Donostia). Praktika horren baitan, erradiazio kosmikoaren detektagailua eraikiko dute. Jarraian, kanpoko espaziotik iritsitako partikula azpiatomikoek uzten dituzten aztarnei behatu ahal izango dituzte. Aztarnaren itxuraren arabera, oinarrizko partikula ugariak bereizten ere ikasiko dute. Oskarbi badago, Astronomia Sailaren eguzki-tresnak erabiliko dituzte Eguzkiaren jarduerari behatzeko; hain zuzen ere, horixe da gure planetara iristen den erradiazio-iturri nagusietako bat. Tailerran parte hartzeko ostirala arte, urriaren 7ra arte, 943466142 zenbakira deituta izena eman daiteke. Gomendatutako adina 12 urtetik gorakoa da, plaza mugatuak daude eta salneurria 10 eurokoa da. XXV. ASTRONOMIA JARDUNALDIAK- Urriak 4, asteartea, 19:00etan. LHCk sortu al dezake materia iluna? Oinarrizko partikulak eta mikro eta makro kosmosen arteko muga. Hizlaria: Rebeca Gonzalez Suarez. Koldo Mitxelena.
- Urriak 5, asteazkena, 19:00etan. Planck misioa: unibertso goiztiarrari begirada bat, mikrohuinen hondo kosmikoaren radiazioaren bidez. Hizlaria: Marcos Lopez-Caniego. Koldo Mitxelena.
- Urriak 8, osteguna, 11:00etan. Gaztetxoentzako astronomia tailerra. Aranzadiko egoitzan (Zorrozagaina).