Inaugurazio ekitaldia. (Argazkia Donostiako Udala)
Kanpoko argiztapen berria estreinatu du Donostiako udaletxeak, aste honetan. Horrela, Iberdrola eta Donostia 2016 Kultur Hiriburutzarekin egindako elkarlanari esker, beste ukitu bat eman nahi izan diote Alderdi Ederrera ematen duen eraikinaren aldeari.
Osteguneko inaugurazio ekitaldian izan ziren, besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Ignacio Galán Iberdrolako presidentea. Gainera, Donostiako Orfeoiaren emanaldiak eta Astondoa etxearen eskutik su artifizialen ikuskizunak ere izan zuten tartea.
Eneko Goia alkateak azaldu du udaleko argiztapena izango dela Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak Donostian utziko duen ondare ikusgarrienetakoa: “Oso maitatua, oso geurea eta oso donostiarra den eraikin baten edertasuna areagotzen du argiztapen berriak. Denon etxea da hau, eta hemendik aurrera etxea ederrago agertuko da; harro sentitzeko arrazoia da hori donostiar guztientzat”.
Bestalde, Ignacio Galán Iberdrolako presidenteak nabarmendu du teknologiarik “aurreratuena eta eraginkorrena” erabili dutela proiektu honetan. Hori dela eta, energia % 70 aurreztea lortu dutela gaineratu du.