(Argazkia: Nerea Lizarralde)
«Ez gara inolako bake itunik sinatzera etorri. Gerra egitera etorri ginen, eta gerra honekin jarraituko dugu». Hitz hauekin hasi zuen udazkeneko denboraldiaren aurkezpena Imanol Agirre Garoa liburu dendako arduradunak, eta argi utzi zuen zein bidetik egingo duen lan taldeak: «Gure ikasturtea hasten da, eta 2016a bukatzen da. Batzuek zubiak eraiki dituzten bitartean, beste batzuek jarraituko dugu zubiaren gainetik salto eginez, izokinek bezala, ur-lasterraren kontra igeri egiten».
Oier Aranzabal Garoako komunikazio arduradunak ere ideia bera azpimarratu du Donostiako kultur bizitza astintzeko etorri zirela: «Beti aldarrikatu dugu Donostia eta Gipuzkoako kulturaren B aldea. Gure iritziz, A aldea existitu dezan, B aldeak existitu behar du, eta indar handia izan behar du. Eta hori indartu nahi dugu, gerra ematen jarraituko dugu».
Garoa komunitate bat ehuntzeko asmoz sortu zen, eta bide beretik jarraituko dute, irakurzale, sortzaile eta kulturzaleen komunitatea indartzen. Liburu aurkezpenak, kontzertuak, solasaldiak, poesia errezitaldiak, erakusketak… Hurrengo hiru hilabeteetarako «agenda indartsua» egin dutela adierazi du Agirrek. Paperezko Kontzertuak kontzertu eta solasaldietara gonbidatu dituzte Jurgi Ekiza (urriak 28, 20:00), Joseba Irazoki & Beñat Axiari (azaroak 19, 20:00) eta Iñigo Garces –Cabezafuego– (abenduak 16, 20:00).
Ruth Perez de Anucitak gidatutako irakurle klubak ere aurrera egingo du, eta urriaren 11n elkartuko dira
El Gran Gatsby liburuari buruz hitz egiteko. Azaroaren 25ean eta 26an Kirmen Uribek eleberri berria aurkeztuko du euskaraz eta gazteleniaz:
Elkarrekin esnatzeko ordua / La hora de despertarnos juntos.
Info7 irratiaren 10. urtemugaren festa ere hartuko du Garoak, urriaren 14an. Morau, Izaro eta Txula Potra ariko dira zuzenean.
Kaixomaitia.eus atariak feminismoari buruzko tailer bat emango du urriaren 19an, eta Junkal eta Xabier Lertxundik Kaukaso eta Kurdistan inguruan bizikletaz egindako bidaiaz ariko dira urriaren 27an.