Iazko bazkari herrikoia, Gazteluko jaietan. (Argazkia: Gazteluko jai batzordea)
Intxaurrondoko Gaztelu auzunea 60ko hamarkadan sortu zen. Bertan egin zen lehenengo eraikinetako bat Pilareko Ama klinika izan zen. «Horixe izan zen jaiak antolatzearen zergatia», azaldu du auzuneko Imanol Mendiluzek. Izan ere, Pilar egunaren bueltan, jaiak antolatu zituzten bertan hogei bat urtez. Ondoren, prestatzeari utzi eta hamarnaka urtez festarik ez zuten antolatu izan.
Duela hiru urte, ordea, auzoko zenbait lagunek jaiak berreskuratzea erabaki zuten: «Auzotar batzuk inguruko tabernekin hasi ziren dena prestatzen, eta dagoeneko aurtengoa hirugarren urtea da. Lehenengo urtean baimena eskuratzeko larri ibili baziren ere, lortu zuten jaiak ospatzea. Iaz, bazkaria egiteko karpa bat lortu zuten. «Zerotik hasi ginen: orain, jai batzorde bat dugu, eta gutxinaka ari gara jarduera berriak sartzen. Intxaurrondo Zaharreko lagunek, adibidez, txapelketak prestatzen laguntzen digute», nabarmendu du Mendiluzek.
Helburu nagusia da Gaztelun giroa sortzea eta garai batean zegoen bizitza hori berreskuratzea. Hain zuzen ere, bere garaian, «sokamuturra eta guzti egiten zen, izugarria zen!».
Lehenengo bi urteotan hurbildu den jendea Gaztelukoa izan dela adierazi du Mendiluzek, baina, iaz, Intxaurrondoko bizilagunak ere animatu direla dio: «Musak eta tokak jende dezente erakartzen du. Eta, gauetan, nahiz eta kontzertuak oraindik ez ditugun antolatzen, taberna batean DJ bat egoten da eta festa giroa sortzen da».
Aurten, beraz, gaur eta bihar ospatuko dituzte Intxaurrondoko Gazteluko jaiak. Gaur, 20:30ean, mus txapelketa egingo dute, karpan. Bihar, aldiz, egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera izango dute. Trikitixarekin hasiko dute eguna, 10:00etan, eta familiako txikienentzako haur jolasak ere egongo dira, 11:00etatik 13:00etara. Tartean, 12:00etan, bote eta toke txapelketa egingo dute, eta 13:00etara arte patata tortilla txapelketan parte hartzeko aukera egongo da (Lizardi tabernan). Ondoren, 14:30ean, bazkari herrikoia egingo dute. Eta, arratsaldean, 18:00etan, txokolate jatea, haur jolasak eta futbolin txapelketa. Jaiak amaitzeko, 20:00etatik aurrera, musika jarriko dute Gazteluko tabernek.