Legazpi kaleko Erro denda itxiko dute
Saltoki honen ibilbidea 1914. urtean hasi zen, Urbieta kalean.
Donostiako Dendak webgunearen arabera, Javier Erro eta Dolores Barriolarekin hasi zen egun Legazpi dendan dagoen Erro dendaren ibilbidea. Erdialdeko Brisat izeneko aterki lantegi batean lan egiten zuten, eta han ezagutu zuten elkar. 1914an loteriako sari bat irabazi zuten lantegiko lankide guztiek, eta diru horri esker, ezkondu eta euren negozioa hasi zuten. Aterki denda eta tailer bat ireki zuten Urbieta kalean, Erro izenarekin. Javier Errok Brisat fabrikan lan egiten jarraitu zuen, eta Urbietako dendan Dolores Barriolak eta bere ahizpa Ignacia Barriolak artatzen zituzten bezeroak.
Bi urtez izan ziren Urbieta kalean. 1916an Askatasunaren hiribideko 38. zenbakira joan ziren. Aterkiak ez ezik, lurrinak, abanikoak eta bastoiak ere saltzen zituzten. Lehen Mundu Gerra amaitu zenean egungo lokalera joan ziren, Legazpi kaleko 9. zenbakira. Garai hartan kale berean zeuden Ciprian ohial denda, Mocoroa janari denda, Tejada zapata denda, zilar eta bitxi denda bat…
Urteak joan ahala, Javier Erro nekatu egin zen, eta Javier Elorzari eman zion lekukoa. Ordu arte, Elorzak kafea saltzen zuen. Bere emaztegaia zen Ignacia Zuriarrain, Javier Erroren iloba. Urte batzuk pasa zirenean, Javier Errok beste denda bat ireki zuen Legazpi kalean bertan: El Turista.
50eko hamarkadan aterki tailerra itxi egin zuten, eta jada manufakturatutako aterkiak saltzen hasi ziren. Aterkiak ez ezik, osagarri gehiago saltzen hasi ziren: zapatak, larruzko osagarriak eta maletak, besteak beste. Orain arte Javier Elorzaren alabak izan dira dendaren arduradunak.
Urriaren 29an itxiko ditu ateak Donostiako betiko saltoki batek, Legazpi kaleko Erro dendak. Jada lau aste darama dendako zapatak, poltsoak eta saltokiko altzariak likidatzen.