Belartzako lanekin jarraitzea legalitatetik kanpo dagoela salatu dute
Belartzako lanak bi aldiz eten ditu udalak azken hilabeteetan. Lehengo astean eten zituen azkeneko aldiz, Añorgako bizilagunek eta talde ekologistek berriro ere materialak isuri eta metatzeari ekin ziotela salatu ostean. Dena den, asteartean lanekin jarraitzeko baimena eman zion udalak eraikitze enpresari. Bizilagunek eta talde ekologistek salatu dute oraindik lanak legez kanpokoak direla.
Azaldu dute pabiloi industrialaren eraikuntza pribatua egiten hasi zirela udaletxeak ingurumen inpaktuaren azterketa egin gabe. Gainera, Belartza 2 gunean 100.000 metro kubiko harri baimenik gabe pilatu dituztela salatu dute: “Ez dago gaur egungo eraikuntza obrarekin erlazioa duen baimenik eta gainera aurreko lizentziaren baldintzapean guztiak urratzen dira”.
Aurrez aipatutako bi irregulartasunek lanen “berehalako etetea” ekarri beharko luketela uste dute.
Azkenik, jakinarazi dute salatutako irregulartasun guztiak ikertzeko eskatu diotela fiskaltzari.