Estaliko duten parkea, Altzan. (Argazkia: Miren Azkarate)
Altzan gune estali baten beharra urteetako eskaera da. Aurreko legealdian parte hartze prozesu baten ondoren, Harria parkean gune bat estaltzea adostu zuten. Erabaki hori denboran luzatzen ari dela eta kontrol mozio bat aurkeztu du EH Bilduk udalbatzarrean. Proiektuari ekiteko eskatu diote udal gobernuari, “premiazko beharra” delako altzatarrentzako.
Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak eman ditu atzerapenaren azalpenak. Altzako parkearen zati bat estaltzeko Hirigintza Plana bera aldatu behar da, eta horrek atzeratu omen du prozesua, ez proiektuak.
Hain zuzen ere, Tokiko Gobernu Batzordeak datorren astean onartuko du Altzan gune estali bat egiteko proiektua. 610 metro koadroko gune bat estaliko dute, eta udaberrirako prest egotea espero dute.
Gune estalien eskaera handia zela eta, gaia aztertzeko batzorde tekniko bat osatu zuen udal gobernuak legealdi berriaren hasieran. Auzoetako egoera aztertu eta beharren araberako lehentasunak zehaztea izango da batzordearen zeregina. Altzakoa izango da lehen proiektua baina izango da besterik; Groseko Zuberoa plaza estaltzea, edo Egiako Plaza Haundiren estalkia egokitzea, esaterako.