Metroaren igarobidearen inguruan herri galdeketa bat egiteko azken atea jo zuen Satorralaia bizilagunen mugimenduak Gipuzkoako Foru Aldundian. Ezezkoa jaso dute, baina lanean jarraituko dute.

Nekane Maritxalar eta Mikel Alvarez, Satorralaia mugimenduko bizilagunak. (Argazkia: Malen Aldalur)
“Zeren beldur dira?” galdetzen du Satorralaia bizilagunen mugimenduak Gipuzkoako Aldundiak herri galdeketa egiteko eskariari ezezkoa eman ostean. Iaz sortu zen metroaren aurkako bizilagunen mugimendua. Bertako kideak dira Mikel Alvarez eta Nekane Maritxalar.
“Lehengo urteko maiatzean Eusko Jaurlaritzak informazio publikora atera zuen proiektua, justu hauteskundeak hasi baino lau egun lehenago”, azaldu du Alvarezek. Hilabete soilik zegoen alegazioak jartzeko eta ekainean bilera informatibo bat egin zuten. “Horren bueltan sortu zen Satorralaia bizilagunen mugimendua”, azaldu du Maritxakarrek.
Mugimenduaren lehenengo helburua informatzea izan zen: “Besteak beste, bilera informatiboak, kalean mahaiak jarri eta herritarrak informatu, posta bidez Donostiako etxeetan informazioa zabaldu eta hitzaldiak antolatu”. Ondoren, herritarrak mobilizatu nahi izan zituzten eta hainbat manifestazio egin dituzte; lehenengoa abenduan egin zuten: “Jende asko eta oso anitza batzen da mobilizazioak egiten ditugunean; horrek erakusten du metroaren aurkako mugimendua nolako zabala den”. Horren adierazle bezala metroaren aurka lortu zituzten 8.916 sinadurak aipatu dituzte.
Informazioa, mobilizazioa eta, azkenik, parte hartzea aldarrikatu nahi izan dute. “Herri galdeketa bat egiteko proposamena egin zuten eta ideia ona iruditu zitzaigun, halako proiektuetan beharrezkoa da herritarren parte hartzea”, azaldu du Alvarezek. Parte hartze prozesua martxan jarria hal izateko egin zuten sinadura bilketa. Hortik abiatuta herri galdeketa egiteko zein aukera zeuden aztertzeko eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari, baina ez zuten inoiz haren erantzunik jaso. Donostiako udaletxera jo zuten ondoren. “Eneko Goia alkatea prest egon zen gurekin biltzeko baina esan zigun berak metroaren igarobidean ez zuela eskumenik eta ia proiektuaren ikusle huts bat izango balitz bezala hitz egin zigun”, azaldu du Alvarezek.
Dena den, salatu dute ez dela horrela, udalak hainbat eskumen dituela metroaren obretan:?”Udalak hiriko pan orokorra aldatzeko asmoa erakutsi zuen Eusko Trenek Eason dituen lurrak birkalifikatu eta, horrela, metroaren igarobidearen obra finantzatzera zuzenduko diren 30 milioi euro inguru lortzeko”. Gainera, udalak metroaren igarobidea egiteko hirigintza alorreko hainbat baimen eman dituela salatu dute: “Udalak hainbat eskumen ditu metroa ez eraikitzeko, baina ez dauka borondate politikorik”.
Udalaren aldetik herri galdeketa egitea ezinezkoa zela ikusita Gipuzkoako Foru Aldundira jo zuten, baina hemen ere zorterik ez:?”Gipuzkoako Foru Aldundiak dio beste erakunde baten eskumenekoa den proiektu eta politika bat laguntzean ez duela proiektu edo politika hori bere eskumeneko bilakatzen, eta ondorioz, ezin duela gaiaren inguruko galdeketarik egin”. Den den, azaldu dute ezezkoak ez diela ezustean harrapatu: “espero genuen”. Kontuak kontu, Satorralai bizilagunen mugimenduak salatu du guztia “iruzur” bat dela eta erakunde publikoek ez dutela herritarren parte hartzea bultzatzeko borondaterik.
Bideak urratzen
Hori dela eta, agintarien ahotan «parte hartzea, demokrazia parte hartzailea eta gardentasuna» bezalako hitzak erabiltzea “Hitzontzikeria eta hipokresia” direla salatu dute: “Herritarrek eztabaidagai garrantzitsuen inguruko erabakietan modu errealago batean parte hartzeko saialdi oro eragozten dute”, azaldu du Alvarezek. Bestalde, hainbat galdera egiten ditu: “Zerk eragozten du metroaren igarobidearen inguruko parte hartze prozesua abian jartzea? zein dira erakundeek herritarrei parte hartzeko eskaintzen dizkiguten aukerak, eztabaida publiko eta gardena izan dadin eta erabakiak modu askean eta informatuan har daitezen? Donostiako bizilagunen artean metroaren igarobidearen egitasmoak oniritzia daukala hain ziur badaude, zeren beldur dira?”, azaldu du Alvarezek. Bat dator Maritxalar ere, ziurtasun falta handia nabaritzen zaiela uste du: “Ziurtasun eza dute, eta horrelako proiektu baten aurrean ezin da ziurtasun faltarik eduki”.
Hainbat bide batera urratzen ari da metroaren aurkako mugimendua. Herri galdeketa egiteko eskaria egin bitartean metro igarobidearen inguruko hainbat alegazio jarri zituen Gipuzkoako Itsasertzeko Ordezkaritzan. Izan ere, Metroaren Pasantea eraikitzeko Kontxako lurrak erabili ahal izateko eskaria atzera botatzeko eskatu zuen.
2012. urtean aztertu zuten ingurumen inpaktua, eta txosten horren baliogabetasuna aldarrikatzen du bizilagunen mugimenduak: “Ingurumen inpaktuaren azterketa hori iraungita dago; 21/2013 Legeak esaten duenez lau urteko balioa besterik ez du hark”. Bestalde, ingurumen inpaktuaren txostenean aztertu zen jatorrizko proiektuarekin alderatuta, eraikuntza proiektuan aldaketa garrantzitsuak eman direla uste dute. Horien artean, metro igarobidearen azpiegitura Kontxako hondartzaren azpitik igarotzea: “Itsasertzeko Zerbitzuan egon den txostenaren eta proiektuaren arabera Kontxako itsasertzeko zorupean 360 metroko luzeran eta 35 metroko sakoneran eraikitzea aurreikusten da”. azaldu du Alvarezek.
Jatorrizko proiektuak Kontxako hondartzaren ondotik igarotzea aurreikusten zuen, baina ez azpitik joatea.
Euskal Trenbide Sareak azaldu zuen “ezinbestekoa” zela lur horiek okupatzea eta hitz horiek gezurtatu egin dituzte Satolarralaia bizilagunen mugimenduko kideek.
Metroaren proiektu guztiaren aurka dauden arren, euren esku dauden bide guztiak urratu nahi dituzte, kaltea ahalik eta txikiena izan dadin eta gerta litezkeen irregulartasunak azaleratu daitezen.
Aurrera begira
Hiru ate jo dituzte: Eusko Jaurlaritza, Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Ez dute herri galdeketa egiterik lortu, baina ez daude etsitzeko prest. “Sakonago aztertu behar ditugu Gipuzkoako Foru Aldundiak herri galdeketari ezezkoa emateko erabili dituen argudioak eta bide berriak aurkitzen ahalegindu”, azaldu du Maritxalarrek.
Informatzen, mobilizatzen eta parte hartze prozesu baten alde borrokan jarraituko dutela azpimarratu du Maritxalarrek: “Mugimendu zabala eta anitza dago Donostian metroaren aurka eta hori argi ikusten da egiten ditugun mobilizazio guztietan; beraz azpiegituraren aurka lanean jarraituko dugu”.