"Gora ETA" idatzi eta diana bat marraztu dute PPko zinegotzi ohi baten atarian

PP ETA

Alfonso Alonso EAEko PPko idazkari nagusiak egin du salaketa bere Twitterreko kontuan

Donostiako PPko zinegotzi ohi baten etxeko atarian “Gora ETA” idatzi eta diana bat marraztu dute. Alfonso Alonso EAEko PPko idazkari nagusiak egin du salaketa bere Twitterreko kontuan, eta babesa adierazi dio zinegotzi ohiari, gorroto eta tolerantziarik ezaren adierazpenen” aurrean. Gertatutakoa gaitzetsi dute Donostiako PPko bozeramaile Miren Albisturrek eta PPko Gipuzkoako buru Borja Senperrek ere. Senperrek nabarmendu du halakoek ez dietela “atzera eginaraziko”.

Udal gobernuko alderdien adierazpena

Horren harira, EAJ, PSE-EE, EH-Bildu, PP eta Irabazi udal taldeek, Mari Jose Usandizagak pairatu dituen mehatxuak “tinko errefusatzen” dituztela azaldu dute: “Pintada horiek gainditutako garai batekoak dira, gorrotoa eta intolerantzia besterik ez dute adierazten, eta elkarbizitza zailtzen dute”. Hala, zinegotzi ohiari euren elkartasuna adierazi diote.