Donostia Saldu eta Suntsitu kolektiboak
Elkarbizitza gezurra da festa antolatuko du Intxaurrondoko
Letaman gaztetxean, azaroaren 19an. Mozal legea dela eta ezarritako isun eta zigorrei erantzuteko ekitaldia izango da. “Urtebete baino gehiago da Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek sortutako
mozal legea indarrean sartu zela, eta orduz gerotik, haren ondorioak jasaten ari gara. Donostian, esaterako,
7.000 eurotik gorako isunak pilatu ditugu azken hilabeteetan. Besteak beste,
kaiaren pribatizazioa salatu eta espazioaren erabilera komunitarioa aldarrikatzeagatik, osasunaren alde eta
erraustegiaren aurka egiteagatik,
Kortxoenea gaztetxea eta kulturaren
autogestioa defendatzeagatik, edo sinpleki eskubide zibil eta politikoak gauzatzeagatik”, adierazi du Donostia Saldu eta Suntsitu kolektiboak ohar bidez.
Autogestioan oinarritutako festa egingo dutela azaldu du: “Kaleak, esperientziak eta etxeak hustu eta eraisten ditu autoritateak, ez du autogestioa atsegin. Autogestioak edozein talde soziali ezartzen zaion autoritate oro ezabatzea bait dakar. Eta hain zuzen ere, azaroak 19ko festak autogestioa du oinarri, ‘zuk zeuk egin’ filosofia. Norberaren autoritateaz harago, beste inoren autoritaterik gabe, mandazain eta aitaponteko eta babeslerik gabe”.
Bertan parte hartuko duten musika taldeek antolatu dute programa. Azaldu dute egitaraua zabalik dagoela osatu eta hobetzeko. Kolektibo eta taldeek diru irabazi asmorik gabe parte hartuko dute festan, eta bertan jasoko den etekin oro isun eta zigorrei aurre egitera bideratuko dela azaldu dute.
Musika emanaldiak 17:00etan hasiko dira Intxaurrondoko Letaman gaztetxean, eta Egiako Trebeska dantza taldeak
Des-maskarada ikuskizuna hasiko du 18.00etan Zulo Zahar elkartean.