Muturreko hotzaldietan etxegabeak babesteko zerbitzua abian jarri dute
Ate Irekiko Zerbitzua azaroaren 15etik 2017ko apirilaren 1a arte egongo da indarrean.
Muturreko hotz aurreikuspen egunetan etxegabeei larrialdi arreta eskaintzeko protokoloa sinatu berri du Donostiako Udalak. Hala, Ate Irekiko Zerbitzua deritzona indarrean jarriko dute azaroaren 15etik datorren urteko apirilaren 1a arte. Denbora tarte horretan, Euskalmetek Gipuzkoako kostaldean itzotz arriskua dagoela iragartzen duenean eskainiko dute zerbitzua.
Kasu horietan, RAIS eta Caritas elkarteek – Hestia, Aterpea eta Intxaurrondo zentroak kudeatzen dituzte –, Gurutze Gorriak – kanpotarrekin lan egiten du – Arrats elkarteak – prostituzioan diharduten pertsonekin eta kartzelatik atera berri direnekin lan egiten du – eta Kolore Guztiak elkarteak – etorkinekin lan egiten du – denbora izaten dute etxegabeei zerbitzu berezi hau erabili ahal izango dutela abisatzeko.
Muturreko kasu horietan Abegi Etxean beste bi gela egokitzen dituzte. Gizarte zerbitzuetako langileek edari beroa eta, behar izanez gero, arropa garbia ematen diete iristen diren pertsonei.
Gainera, egun horietan baldin eta kalean etxegabeko pertsonak topatzen badira eta dauden zerbitzuak ez badituzte erabili nahi, Udaltzaingoak egoeraren hasierako balorazioa egingo du eta, baldin eta pertsona horren edo horien bizitza arriskuan egon litekeela ikusten badute, Osakidetzako larrialdi zerbitzuei abisua pasako diete mediku batekin egoera konfirmatzeko eta, hala bada, Ate Irekiko Zerbitzura eramango dute.
Ate Irekiko Zerbitzuarekin udalak urte osoan Abegi Etxean eta Gauekon eskaintzen dituen 80 lekuak indartuko dituzte hotzaldietan, leku mugagabeak eskainiz.


