Hotel bat eta saltoki gune berri bat egingo dituzte Illunben
17.100.000 euroan saldu dute.
Illunberen salmenta onartu du udaleko Kontratazio Mahaiak. Larrain SL eta Loyola Gestion Inmobiliaria enpresek osatutako elkarteak aurkeztu zuen eskaintza bakarra, eta baldintzak betetzen dituela ikusirik, onartzea erabaki dute.
Bi proposamenak onartu dituzte. Batetik, proposamen ekonomikoa: 17 milioi eurokoa zen gutxieneko prezioa, eta 17.100.000 euroren truke erosiko dute. Bestetik, oinezkoentzako sarreren inguruko proiektua ere onartu dute.
Orain Tokiko Gobernu Batzordeak onartu beharko du Kontratazio Mahaiaren erabakia, izapideak abian jarri ahal izateko.
Jaimen Dominguez-Macaya Ogasun eta Finantza zinegotzia pozik agertu da salmentarekin, udalarentzako “diru sarrera garrantzitsua” izango delako, eta “hiriko gune bat birsortu” ahal izango delako.
Izan ere, hauek dira jabe berrien asmoak: hotel bat egingo dute Illunben, 3.000 metro koadro erabiliz. Antzeko azalera erabiliko dute elikadura saltoki gune bat sortzeko; eta egun hutsik dauden lokaletan, hau da, zinema aretoak eta tabernak zeuden lekuetan, saltoki gune berri bat egitea aurreikusi dute: arropa denda, taberna eta bestelako saltokiekin.


