Kirolgunea itxiko dutela jakin zutenetik, hamar egun igaro dira. Ordutik, saiatu dira ahalik eta babes handiena jasotzen; goizean erregistratu dituzte udaletxean.
Udaletxean aurkeztu dituzte 1.306 sinadura. (Argazkia: Lide Ferreira)
Udalak aurreko astean jakinarazi zuenez,
azaroaren 16an itxiko dute Altzako kiroldegia. Aurreko legegintzaldian adostu zuten kiroldegia berritzea, eta dagoeneko lehiaketa publikoa egina zegoen, diseinua erabakita, eta obra egiteko zorian. Obrak hasi aurretik, ordea, lurrak aztertu dituzte, eta amianto arrastoak azaldu dira. Hala, proiektua egokitu egingo dute, berridatzi, ezin baita pentsatua zegoen moduan egin.
Kiroldegi berriaren obra hiru fasetan egingo dute. Lehenengo, eraikin zaharra bota; ondoren berria eraiki, eta, azkenik, lurra tratatu, kanpoko igerilekuak eta pistak egin ahal izateko.
Itxieraren aurrean, kiroldegiko zenbait erabiltzaileren ekimenez, sinadura bilketa bat abiatu dute. “Amiantoaren aferarekin kiroldegi berriaren eraikuntza atzeratuko zutela esan zuten; eta, orain, ixtera doazela esan digute. Oso denbora gutxi izan dugu –hamar egun kiroldegia itxiko zutela jakin zutenetik–, baina tarte honetan ahalik eta sinadura gehien biltzen ari gara, dataren bat jakin arte, kiroldegia itxi ez dezatela eskatzeko”, azaldu du Altzako Olaia Razkinek.
Orotara, 1.306 sinadura bildu dituzte.
Gaur goizean lau erabiltzaile elkartu eta udaletxera joan dira, bildutako sinadura guztiak aurkeztera.
“Dena dago airean ondoko lurretan amiantoa aurkitu zutenetik. Udalari eskatu nahi diogu egungo kiroldegia ez ixteko, berriaren obrak hasten ez diren bitartean. Kirolgunerik gabe uzteko asmoa du, proiektu berria abiatzeko datarik mahaigaineratu gabe”. Izan ere, ez dakite noiz arte atzeratuko diren obrak, eta beldur dira kiroldegi berria egingo ote duten.