Ibilbidea ez zaio arrotza egingo kirolari donostiarrari igandean, 10. aldiz parte hartuko baitu Behobia-Donostian. Ezintasunen bat duten 63 kirolari aterako dira aurten.
Hilario Olanok 10. aldiz egingo du Donostia-Behobia lasterketa bere handbiken. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Hemen da Behobia-Donostia, prestatuta al zaude?
Saiatzen gara urte guztian kirola egiten, baina bai, onartu beharra daukat Behobiarako prestaketa berezia egiten dudala. Entrenamendu luzeagoak, eta batez ere, aldapak lantzen ditut.
Handbiken zoaz zu, zer gertatu zitzaizun?
2002. urtean moto istripu bat izan nuen eta elbarri gelditu nintzen. Ozta ozta jarri naiteke zutik, baina ez dut ibiltzeko indarrik hanketan.
Istripuaren aurretik ba al zenuen kirola egiteko ohiturarik?
Hamalau urtera arte txirrindularia izan nintzen, baina gero motorrak eta parrandak nahiago.
Kirolak laguntzen dizu orain?
Bai, asko. Istripuaren ondoren errehabilitazioa egiten hasi nintzen gorputza indartzeko. Ondoren, hainbat kirol egokitu probatu nituen, eta bizikleta eta pala ditut gustukoenak.
Bizikleta berezi bat daukazu, nola erabiltzen da?
Handbike izena du. Erdi etzanda joaten zara, eta hankekin ez duzu indarrik egiten; guztia besoekin.
Zaila da?
Bueno, ohitu egin behar. Hasieran Anoetako estadioan hasi nintzen, eta kilometro erdi batekin nahikoa izaten nuen. Gero pixkanaka-pixkanaka bidegorrietara ateratzen hasi nintzen, ibilbide luzeagoak egiten, aldapak igotzen; tamaina hartu diot.
Eta palaz nola jolasten zara?
Astean behin elkartzen gara, asteazkenetan. Oso gogoko dut palan aritzea ere. Gurpildun aulki berezi batzuk erabiltzen ditugu, atzean gurpila dutenak ez iraultzeko. Saskibaloiko aulkiak dira.
Kemen elkartearen bidez lortzen duzue materiala?
Elkartean badituzte gauzak, baina oso estandarrak dira. Probatzeko erabili ditzakezu, baina gero norberak erosi behar izaten du behar edo ahal duena.
Bakarrik entrenatzen duzu, edo taldean?
Orain Donostian bizi naiz, eta bakarrik entrenatzen dut normalean. Baina berez Alegikoa naiz, eta han laupabost laguneko talde bat dugu: Erniope. Lasterketetara elkarrekin joaten gara. Baina broma gutxi eh! lehia bizia izaten dugu gure artean.
Lehiakortasun handia duzue?
Bai, bai. Normalean apusturen bat ere izaten da tartean, eta dena ematera ateratzen gara.
Etzirako bota dizute erronkaren bat?
Erniopeko kide batek ordubetez azpitik bukatu nahi du lasterketa, eta lortzen badu, otordu bat ordaindu beharko diot.
Ordaintzea tokatuko zaizu?
Nik uste baietz, astokilo samarra da eta lortuko duela uste dut.
Ez da Behobia-Donostia egiten duzun lehen aldia, ezta?
Ez, hamargarrena izango da aurtengoa. Aurreneko aldian ez nuen bukatu. Gaintxurizketa pasa baino lehen harrapatu ninduen lehen korrikalariak eta probatik erretiratu egin ninduten.
Hori horrela izaten da beti?
Bai, horrela da. Kirol egokituko parte hartzaileak 9:30ean ateratzen gara Behobiatik, oinezkoak baino ordu erdi lehenago. Alde horrekin Gaintxurizketa pasa behar dugu lehen korrikalariak harrapatu aurretik, bestela kanporatu egiten gaituzte.
Zein da lasterketa honen alderik okerrena ?
Niretzako eta ni bezala hanbike-arekin goazenontzat aldapak. Beti Gaintxurizketa eta Mirakruz gaina aipatzen dira, baina Errenteriatik ateratzeko aldapa hura ere amaigabea egiten da. Eta Irungo udaletxeko aldapa ere oso gogorra izaten da. Agian, hasiera delako eta gorputza hotz dagoelako oraindik, baina nik asko sufritzen dut zati horietan.
Eta politena?
Jendearen berotasuna. Ibilbide osoan zehar egoten da jendea zu animatzen. Eta azken kilometroak. Groseko gasolindegia pasata, bukaera ikusten duzu, albo bietan jendea gainezka…oso hunkigarria izaten da.
Behobia-Donostian baduzue lekua, baina gainerakoan?
Ia ikusezinak gara, baina uzten diguten guztietan ateratzen gara. Askotan parte hartzen uztea bera ere erronka izaten da. Donostiako maratoian, adibidez, ez daukagu parte hartzerik. Antolaketa arazoak izaten dira normalean aitzakia. Baina ahal dugun lasterketa guztietan parte hartzen dugu.
Eta egunerokoan?
Egunerokoan, bakoitza berera. Paralinpiar Jokoei eman zaien oihartzuna ikustea besterik ez dago. Domina pila lortuta ere tokirik ez badute, nork begiratuko digu guri?
Zuen artean aurkitu behar babesa orduan?
Oso giro ona sortzen da gure artean. Naturaltasun handiagoz hartzen dugu guk gaia, halabeharrez, agian. Elkarri adarra joaz ibiltzen gara. Lasterketetan, esaterako, hanka falta duenari esaten diogu: “hik daukak zortea, indarra sobera, eta gainera pisu gutxiago mugitu behar”… [barrez]. Horrela aritzen gara.
Zuk gorputz atal guztiak dituzu, pixu gehiago beraz. Etzirako erronkarik baduzu?
[Barrez] Ni ez naiz puntako kirolaria, ahal dudan hoberen egingo dut, eta horrekin konforme. Iazko 1’09’’ko denbora berdinduko banu, ondo. Ez dut aparteko helbururik, apustua irabaztea lortzen badut, bikain!