Apalategi kirol denda. (Argazkia: N. Lizarralde)
Gero eta korrikalari gehiago ikusten dira kalean, eta gero eta ohikoagoa da edonork bere egunerokoan zapatilak erabiltzea. Zer eskatzen du jendeak? Eta zer erosten du Behobia-Donostia lasterketarako?
Zer janzten dute korrikalariek? Zer dago modan? Donostiako Laister kirol dendako Pedro Peñak dio zapatila arinak jarri direla modan, eta jende asko obsesionatu egin dela uste du. Ibilbide luzeak egiteko ez direla egokiak ohartarazi du:?«Amortiguazioa okerragoa da oinetako arinetan, eta oinek gehiago sufritzen dute. Entrenamendu azkar baterako ongi, baina bestela…».
Behobiarako zapatila astunagoak gomendatzen dizkie bezeroei, baina azpimarratu du garrantzitsua dela norberaren ezaugarri fisikoak kontuan hartzea:?«90 kiloko pertsona batek ezin du zapatila arin bat jantzi».
1990etik egiten du lan Elkano kaleko dendan –Laister denda 80ko hamarkadan ireki zuten Antiguan–, eta kirolzale asko joate zaio aholku bila:?«Nola zapaltzen duten garrantzitsua da, eta horren arabera ere zapatila mota bat edo bestea ateratzen diet probatzeko».
Kirola egiteko ez ezik, kalean ibiltzeko ere zapatilak modan jarri direla dio Peñak:?«Azkenaldian bezero batzuk paseoan ibiltzeko zapatila onak eskatzen hasi dira». Halere, bere bezero gehienek entrenatzeko eta lasterketan erabiltzeko oinetakoak eskatzen dituztela zehaztu du.
Modak moda, salmentek behera egin dutela esan du:?«Internetek eragin handia izan du, eta baita saltoki handiek ere. Bretxa merkataritza zentroan Forum ireki zutenetik asko nabaritu dugu. Eta orain edonon saltzen dira zapatilak. Lehen oso gutxi ginen zapatiletan espezializatuak ginen dendak».
Laister kirol dendako Pedro Peña. (Argazkia: N. Lizarralde)
Jendeak kolore bizi eta deigarriak gustuko dituela esan du Peñak:?«Denetik dago, baina gehienek jantzi eta zapatila koloretsuak eskatzen dituzte. Emakumeek zapatila arrosak eskatu izan dituzte duela gutxi arte, baina jada nekatu egin dira, eta beste kolore batzuk nahi dituzte». Zapatilen markari dagokionez, erabili dutena gustatu bazaie, errepikatzeko ohitura dutela esan du, eta beste modelo bat bilatzen dute estiloz aldatu nahi dutenean, zapatilla desberdinak izateko.
Urtez urte, zapatilak egiteko modua asko aldatu dela kontatu du:«Ez dira lehen bezain astunak, eta uste kalitate hobea da. Baina nik uste dut modelo zaharrek kalitate handiagoa dutela».
Ez da azken uneko erabakia
Behobian korrika egiten dutenek zapatila teknikoa eskatzen dute normalean, kalitate onekoa. Hala dio Donostiako Apalategi Kirolak dendako Juan Mari Garinek:« Askotariko bezeroak ditugu, eta denetik dago, noski. Batzuek gehiago begiratu behar diote prezioari, eta arruntagoak eskatzen dituzte».
Inork ez du azken unerako uzten zapatilak erostea:«Jendea lau hilabete lehenago hasten da entrenatzen, beraz aurretik erosten ditu. Askok uste du Behobiaren aurretik gehiago saltzen dugula, baina azkenean urte osoan zehar saltzen ditugu zapatilak, gaur egun jende askok eskatzen dituelako. Medikuak ibiltzeko gomendatu diotelako batzuek, hirian eroso ibili nahi dutelako besteek… Oso ondo saltzen da».
Arropan ere aukera zabala dute dendan. Baina zapatilei baino garrantzia gutxiago ematen dio jendeak: «Ibilbide osoa oinen gainean egin behar dute eta normala da zapatila erosoei ematea garrantzia. Ez zaie horrenbeste axola kamiseta normalak janztea. Baina elastiko asko ditugu dendan, korrikalarientzako egokiak. Eta pixkanaka nabaritzen da jendeak gauza gehiago eskatzen dituela».
Behobiaren aurreko egunetan korrikalarien kezka handia izaten da azken unean zapatilekin ezustekorik ez izatea:«Lasterketa aurreko egunetan puskatzen badira larritu egiten dira, baina gaur egungo zapatilak berehala biguntzen dira, ez dira lehengoak bezain gogorrak. Neurriarekin asmatzea da garrantzitsuena. Estuak badituzu oinak asko sufrituko du, beraz garrantzitsua da erosotasuna».
Modak baino gehiago, Behobia-Donostia lasterketarako eguraldi iragarpenak du eragin gehien arropa aukeratzeko momentuan: «Iaz bero handia egin zuen. Jendeak arropa freskoa eta tiranteduna eraman zuen. Eta euria egiten badu beste aukera batzuk begiratzen hasten dira. Momenturik txarrena irteera izan ohi da. Jendeak denbora asko ematen du zain, eta babestu egin behar duzu zure gorputza, berotasuna mantentzeko. Baina momentu horretarako jendeak arropa zaharra eramaten du, korrika hasten direnean errepidera botatzeko. Zeroz azpiko tenperaturak ez badira, nahikoa izan ohi da txapela eta eskularruak janztearekin. Korrika hasten zarenean ez duzu hotzik pasatzen. Hori bai, lasterketa bukatu eta berehala dutxatu eta lehortzea da gomendiorik onena».
Bere lehen Behobian, 1980an jantzi zituen zapatilak gogoratzen ditu Juan Mari Garinek –ez du gogoratzen zenbat Behobia egin dituen, baina hiru irabazi ditu–:«Egungo zapatilak izan bagenitu…[barrez]. Astunagoak eta gogorragoak ziren. Orain aukera ikaragarria da. Master bat egin behar duzu modelo guztiak ezagutzeko. Eta arropan ere aldaketa handia eman da. Dena da arinagoa».