'Grindr Sorpresa' izeneko pieza berria estreinatu dute; datorren asteazken, ostegun eta ostiralean eskainiko dituzte emanaldi gehiago.
Mikroteatro_SS kultura elkartearen ekimenez, mikro antzerkia sustatzeko hainbat jarduera egiten ari dira; tartean, hilabete honetan estreinatu duten ‘Grindr Sorpresa’ emanaldia. Aste honetan egin dituzten emanaldietan arrakasta handia izan dute, baina oraindik aukera dago datorren asteko saioekin gozatzeko. Izan ere, asteazken, ostegun eta ostiralean (azaroak 16, 17 eta 18) antzeztuko dute Antiguako Berto espazioan (Bertos ileapaindegia, Oihenart kalea 5). 19:30etik hasita, 21:30era arte, ordu erdiko saioak egongo dira ikusgai. Sarrerak 6 euro balio ditu (edaria barne). Erreserbak egiteko deitu 943 21 34 28 telefono zenbakira edo idatzi
info@node.eus posta elektronikora.
Mikroteatro_SS
Mikro antzerkiaren kontzeptua Donostialdean sartzeko helburua duen kultura elkartea da Mikroteatro_SS. “Kultura hurbilago bat sortu nahi dugu, herritarrek arte eszenikoak kontsumitzeko aukera erraza izan dezaten. Mikro antzerkiaren berehalakotasun kontzeptua boteretsua da. Lanetik etxerako bidean, lagunekin poteoan zauden bitartean, edozein unetan posible da. Bestalde, aktoreen eta publikoaren arteko hurbiltasunak zuzeneko esperientzia sortzen du. Gainera, mikroantzerkiko piezak ezohiko espazioetan burutzen dira (saltokiak, lonjak, biltegiak, etxebizitzak…) eta orokorrean ez dituzte 20 iraupen-minutuak gainditzen”.
Mikroteatro_SS 2015-ean sortu zen eta hainbat profilez osatutako taldea da. Besteak beste, aktoreak, gidoilariak, zuzendariak eta ekoizleak: “Kultura alternatiboa sortzearen alde egiten dugu lan. Gizartean eta kulturan komunikazio kanal berrien bila gabiltza, hiritarrekin zuzenean konektatzen dituztenak”.
Kultura elkartea sortu zutenetik, hiru mikro antzerki lan sortu dituzte:
Lavar y Cortar (2015),
CenITcienta (2015) eta
Desamor Enterno (2016). Taldea garatzen doa eta, aurten, pauso berriak ematen ari dira: adibidez, euskararen normalizazioa eremu guztietan (sorkuntzan, ekoizpenean eta komunikazioan) txertatzen eta komunikazio bisual tresna berriak garatzen.