Osasunari garrantzia emateko eta kontzientzia hartzeko asmoz, galdetegi bat betetzeko aukera eman diete parte hartzaileei; lasterketaren egunerako euria iragarri dute
Korrikalarien artean, emakumeen presentzia gero eta handiagoa da. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Fortuna Kirol Elkarteak hainbat proba antolatzen ditu urtean zehar: mendi zeharkaldia, Getaria-Donostia piraguan… Behobia-Donostia lasterketa, ordea, guztietan ezagunena da. 1919an egin zuten lehen aldiz; eta, aurtengoa 52. ekitaldia izango da, Mugak hautsiz, bidea egin lelopean. Urtero, berritasunen bat izaten da; bada, aurten, osasunari garrantzi berezia eman nahi diote. Horregatik, zeinu eta sintomen galdetegia betetzeko aukera eman dute izena ematerako orduan. «Izena eman dutenen artean %70ak bete du galdetegia», azaldu dute antolatzaileek.
Prebentzio gisa
Izan ere, iaz beroak eta hego haizeak asko gogortu zuen Behobia eguna, eta zoritxarrez, dolua zabaldu zen, korrikalari eta ikusle banaren heriotzekin. Gainera, beroaren ondorioz, 445 lagun artatu behar izan zituzten. «Beroa izan daiteke edozein kirolarirentzako aurkari handienetariko bat. Horregatik, prebentzio gisa, zeinu eta sintomen galdetegia betetzeko eskatu diegu korrikalariei. Era berean, dortsaleko atzealdeko datuak betetzea ere oso garrantzitsua da, zerbait gertatuz gero, lagungarria izan daitekeelako».
Horrekin lotuta, BSS Safe aplikazioa diseinatu dute: «Korrikalariek lortu nahi duten denboraren barruan, aplikazioak gomendatutako erritmoaren kalkulua ematen du. Azkenean, jendeak osasunari behar bezalako garrantzia ematea eta kontzientzia hartzea da helburua».
Eguraldiari dagokionez, halere, igandean ez da bero handirik espero; euria eta tenperatura baxuak (12 gradu inguru) iragarri dituzte.
Lehen Behobia-Donostia lasterketatik gaur egun arte, parte hartzaileen bilakaera gorakoa izan da –iaz muga guztiak hautsi zituzten: 34.000 korrikalarik eman zuten izena–. Aurten, baina, zertxobait jaitsi da –31.500 inguru daude–, eta antolatzaileek hainbat faktoreren eraginez gertatu dela uste dute: «Estatu mailako lasterketa guztietan gertatzen ari den zerbait da. Gure kasuan, datuei erreparatuz gero, korrikalari gehien biltzen zituen adin tartea 36-40 urte bitartekoa zen; orain, berriz, 41-45era pasa da. Beraz, belaunaldiak aldatzen ari direla esan daiteke. Azkenean, garai batean baino lasterketa gehiago daude, eta jendeak bat edo beste aukeratzen du».
Ibilbideari dagokionez, duela bi urte egin zuten aldaketa mantenduko dute: «Arrakasta handia izan zuen aldaketak; Errenteria-Orereta inguruan izugarrizko giroa sortzen da». Hortaz, hauxe izango da ibilbidea: Behobia-Irun-Landetxa-Gaintxurizketa-Lintzirin-Errenteria/Orereta-Kaputxinoak-Pasaia-Mirakruz Gaina-Gros-Bulebarra. Gainera, azken urteetan bezala, antolakuntzak 14 animazio puntu jarri ditu ibilbidean zehar: Gaintxurizketan Jaime Alzugarai pirata ariko da zati gogor haur musikaz girotzen, Gazteako DJak Bulebarrean eta Mirakruzen, Bengoako DJak Bentak eta Kaputxinoetan, Pasai Musika Eskola Herreran, Txaranga Pasai Zurriolan…
Lasterketa nagusiko korrikalariak 19 txandatan irtengo dira, 10:00ak eta 11:35 bitartean, eta 20 kilometroko distantzia egin beharko dute. Horien aurretik, elbarriak (63 lagun) irtengo dira 9:30ean, 13 gidariren laguntzarekin; eta rollerrak (214), 9:35ean.
Behobia Txikiko beste ekitaldi bat. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Emakume gehiago
Parte hartzaileen kopurua zertxobait jaitsi den arren, emakumeak geroz eta gehiago dira lehian. Aurten, 7.000tik gora; partaide guztien %23a. Bada, horixe nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek: «Era honetako lasterketa herrikoiek mundu mailan beherako joera hartu duten bitartean, emakumeen partaidetzak etengabe gora egin du. Azken urtetako joera ikusita, itxaropentsu gaude».
Fortunako arduradunentzat asteburu guztiko jaia izaten da Behobia: korrikalarien azoka, Behobia Txiki, Behobia Gaztea eta lasterketa nagusia, tartean. Korrikalarien azoka, ostirala (12:30etik 21:00etara) eta larunbata (10:00etatik 20:00etara) egingo dute. Bertan, korrikalariek dortsala jasoko dute, eta, bide batez, hainbat postu bisitatzeko aukera izango dute: arropa, oinetakoak, janaria, edariak… marka askok jarriko dute euren postua Belodromoan, eta eskaintza bereziak egongo dira.
Behobia Txiki ere egingo dute larunbatean, 15:00etatik aurrera. Anoetako estadio txikian izango dira lasterketak, eta 0 eta 13 urte bitarteko haurrek hartuko dute parte: 0-2 urte (ibilbide itxia), 3-5 urte (100 metro), 6-7 urte (200 metro), 8-9 urte (400 metro), 10-11 urte (800 metro) eta 12-13 urte (1.200 metro).
Behobia Gaztean, berriz, 4 kilometro eta 400 metroko distantzia egingo dute 284 korrikalarik, 9:30ean. Ibilbidea Herreran hasi eta Donostiako Bulebarrean amaituko dute.
Bidali zure argazkiak Hitzara eta saria lortu
Korrikalari guztien artean, komunikabideek ere presentzia izango dute igandeko lasterketan. Oarso Bidasoko Hitzako zein Irutxuloko Hitzako kazetariek ez dute hutsik egingo, eta, iaz bezala, Behobia-Donostiaren jarraipena egingo dute, elkarlanean. Tokiko bi astekarien webgunean eta sare sozialetan ahalik eta informazio zabalena –irudiak eta bideoak, tartean– esku artean izango dute parte hartzaile zein herritarrek.
Horren harira, ikusle zein korrikalariei deia luzatu nahi die Hitzak, egun horretan egiten dituzten argazkiak euskarazko hedabidera bidaltzeko. Izan ere, parte hartzaileen artean, sari bereziak zozkatuko dira: sagardo naturalarekin eta Naparjan dendak eta Maria Jesus kontserba enpresak eskainitako produktuekin osatutako hiru otar.
Parte hartu nahi duenak behobia-donostia@hitza.eus posta elektronikora bidali beharko ditu bere argazkiak. Informazio gehiago behar izanez gero, deitu 943 46 72 36 telefono zenbakira. Hitzak jasotzen dituen argazki guztiak bildu eta Irutxulo.hitza.eus, Oarsoaldea.hitza.eus etaOarsobidasoa.hitza. eus eta Bidasoa.hitza.eus webguneetan argitaratuko ditu.
Bestalde, lasterketa nagusiko lehen gizon eta emakume donostiarrak sarituko ditu Irutxuloko Hitzak.