
Eguzkik Gipuzkoako Fiskaltzan salatu du tiroz jotako bi belatz handi (
Falco peregrinus) agertu direla: bata, zaurituta, Donostiako Antigua auzoan; bestea, berriz, hilda, Jaizkibelen.
Eguzkiren arabera, ez dira tiroz jota agertu diren bakarrak. Joan den irailean ehiza- denboraldi berria hasi zenetik, legez babestuta egon arren hegazti gehiago agertu dira zaurituta. Izan ere, Eguzkik dagoeneko zazpi kasu salatu ditu (ikus taula), eta esan du asko isilean geratu direla.
Bi belatz handi hauek bota izana bereziki larria dela ohartarazi du: “Kontuan izan behar da Gipuzkoan kumatzen duten espezie honetako bikoteak ia esku baten atzamarrekin zenbatu daitezkeela. Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan, belatz handia ez dago kasualitatez, ez, bakan edo arraro gisa sailkatutakoen artean.
Gogora ekarri du joan den maiatzean belatz handi eme bat tiroz bota zutela Oñatin. Eta 2014an, Donostian bertan, Atotxa Errekan, beste bat: “Atotxa Errekako kasu hura oso berezia izan zen, ehiztaria identifikatu ahal izan zelako eta epaile batek zigorra ere jarri ziolako. 6 hilabeteko kartzela (isun bat ordainduta saihesgarria), kalte-ordainak eta ehiza egiteko nahiz faunarekin zerikusirik duen edozer lanbiden aritzeko hiru urteko debekua”. Kasu hura berezitzat jo du Eguzkik, normalean tiro egin dutenak oso gutxitan identifikatzen dituztelako.