"Erabiltzaileen poltsikoak husteko sistemak optimizatzen ari dira"
Richard Stallman (New York, AEBak) software librearen aldeko mugimenduaren liderra izan zen 80ko hamarkadan. Gaur, azaroaren 24an, Donostian izango da, Donostia 2016 eta Gobernantza Demokratikoaren Institutuak gonbidatuta. Software librearen eta software pribatiboaren arteko desberdintasunen inguruan. Arlo digitalean erabiltzaileek euren datuen gaineko kontrola eta euren pribatutasuna mantentzeak duen garrantzia eta beharra azpimarratuko du San Telmo Museoan, 19:00etan.
IRUTXULOKO HITZAk Stallmanekin hitz egiteko aukera izan du solasaldiaren aurretik. Elkarrizketa hasi baino lehen bi gauza argitu nahi izan ditu, bere elkarrizketetan askotan nahasten diren bi kontzeptu, bere ustez. GNU sistema operatiboa ez da Linux. “Linux GNU sistemarekin konbinatuta erabiltzen da, baina ezin dira izenak nahastu. GNU programen bilduma bat da, sistema operatibo bat. Linux programa bat da. Linux Androiden ere erabiltzen da, baina GNU eta Android guztiz desberdinak dira. Bata edo bestea erabiltzea ez da berdina. Pertsona batek Android erabiltzen duenean ez dio Linux erabiltzen duela! Eta beste ohiko akats bat da bere lana kode irekiarekin nahastea: “Nik Software librea egiten dut, erabiltzaileen askatasunaren alde egiten dut. Kode irekia asmatu zutenak ez zeuden gure balio eta helburuekin ados”. Bi gauza hauek zehaztu eta gero, elkarrizketa hasi dugu.
Duela 30 urte software librearen mugimendua bultzatu zenuen. Nola konturatu zinen software librea erabili behar zela?
Lehenago ere erabili nuen software librea, Massachusettsko Teknologia Institutuan, inteligentzia artifizialeko eta konputoaren zientziaren laborategietan. Beste unibertsitateko laborategiekin ere partekatzen genuen. Nire laborategian soilik software librea genuen. Edozein arazo zuzendu genezakeen. Sumisiorik gabe bizitzen ikasi nuen, askatasunaren abantailak ezagutu nituen! Norberak bere erara zuzendu zitzakeen akatsak, edo ohiko bertsioa erabili zezakeen… Niretzat bizitza hau naturala izan zen, normala. 71n hasi nintzen laborategia hartan, eta ez zen arraroa software librea. Ordenagailu askotan zegoen software librea. Garaiko fabrikanteek sistema operatibo bat garatu behar zuten, baina ez zuten mugarik jartzeko interesik. Bost urte geroago, ordea, dena aldatu zen. 80eko hamarkadan ordenagailu erabiltzaile gehiago zeuden, baina jada inork ez zuen software librerik. Eta nire komunitatea presio komertzialarengatik hil egin zen”.
Sistema pribatiboa ezagutu nuenean jakin nuen zein txarra zen. Nire komunitatea hil zenean, software pribatiboan zegoen etorkizun bakarra. Guk erabiltzen genuen software librea zaharkitua zegoen, desagertutako ordenagailu batentzako garatu genuelako. Etorkizuna iluna eta ikaragarria zen, Trump presidentearekin dugunaren antzekoa. Zer egin behar nuen? Ordenagailu bat askatasunez erabili ahal izateko proiektu bat sortu nuen. Gure komunitatean existitu zen, baina jada inork ez zuen aukera gehiago bide horretatik jarraitzeko.
Software librea erabiltzea hautu politikoa eta demokratikoa dela esan izan duzu. Zergatik?
Hautu politikoa dela esan ohi dut, erabiltzaileak informatikan aske izatea erabakitzen duelako, ez duelako sumisioan bizi nahi. Software libreak erabiltzaileen askatasuna errespetatzen du. Ez da bakarrik askatasun indibiduala, erabiltzaileek elkarri lagundu ahal izateko aukera ematen du. Demokrazia aukeratzea da software librea. Demokrazia existitzen da aberatsak ez direnek ere boterea izan ahal izateko. Software-ean ere gauza bera gertatzen da. Software librean erabiltzaileek dute kontrola, eta pribatiboan, aldiz, entitate berezi batek darama kontrola. Eta entitate horren jabeak du programaren boterea, eta horrela kontrolatzen ditu erabiltzaileak. Apple, Microsoft, Adobe… Horrela lortzen dute horrenbeste milioi erabiltzaileren gaineko kontrola eta boterea izatea. Botere hau injustua da, horregatik borrokatzen dut honen aurka. Erabiltzaileek informatikaren gaineko kontrola izatea nahi dut.
Gu, erabiltzaileok, ohartzen al gara software librea ez erabiltzearen arriskuez?
Normalean ez. Salbuespenak daude, baina erabiltzaile gehienek software pribatiboa erabiltzen dute injustiziarik egongo ez balitz bezala. Ez dira jabetu honek dakartzan ondorio kaltegarriez. Nire lana da informazioa ematea, software pribatiboaz ohartaraztea. Programa hauek malware dira, erabiltzaileen aurkako tratu txarrak dira. Ezkutuan sartzen dira ordenagailuan eta instalatu egiten dira beren kabuz. Windows, Mac OS, Android, iOS… Horie guztiak Malware dira, programa gaiztoak. Kalte egiteko sortuak. Ez dira ezkutuan sartzen, fabrikanteak jartzen ditu ordenagailuan, eta jakina da hor daudela, baina malware dira.
Eta informatikari buruz ezer ez dakiten herritarrak gai al dira ahaldundu eta euren kabuz egiteko hau guztia?
Bai, eta batzuek egiten dute. Sistema libre batek bi interfaze izan ohi ditu. Bata, grafikoa, eta bestea, kodigoa. Aukerak badaude.
Hezkuntzan software librea erabiltzea aldarrikatu izan duzu.
Ez dut esaten ikastetxeetan irakatsi behar denik. Gauza asko egin behar dira bizitzan, eta denek ez dute ongi programatzeko talenturik, askok kozinatzeko talenturik ez duten bezala. Espainian badaude sukaldari ezagunak, baina mundu guztiak ez daki kozinatzen [barrez]. Denei kozinatzen irakasteak ez du zentzurik, ezta denei programatzen irakasteak. Batzuek interesa azaltzen dute, beste batzuek ez. Baina denek merezi dute askatasuna. Ikastetxe guztietan software librea erabili beharko lukete. Eskoletan soilik software librea egon beharko luke, baita liburutegietan ere. Ikastetxeetan Windows erabiltzen badute Microsoftekiko menpekotasuna ezartzen dute, eta Applerekiko menpekotasuna, Ipadak erabiltzen badituzte, edo Google-ekiko, Chrome Books-ak erabiltzen badituzte. Sistema pribatiboek enpresei datu asko ematera derrigortzen gaituzte. Gure pribatutasun eskubidea urratzen dute. Delitu bat izan beharko litzateke. Ordenagailuak saltzea, erosleen datu pertsonalak lortzeko, delitu bat izango litzateke, baina ohikoa bihurtu da. Horregatik diot malware direla. Erabiltzailea espiatzen dutelako, eta bere askatasuna murrizten dutelako. Eta ikastetxeek irakatsi behar dute zergatik erabiltzen duten sofware librea, arrazoi zibikoak plazaratu. Egin eta azaldu behar dute. Ulertarazi behar diete zer den askatasuna informatikan. Printzipio batzuk jarraitzera animatu behar dituzte. Eta elkarri laguntzeko ohitura hori sustatu behar dute. Software librean programak partekatzen diren bezala. Ikastetxe batean ezagutza partekatzea baita helburua, ezta?
Gaur egun posible al da erabiltzaileok gure pribatutasuna babestea?
Ezinezkoa da sistema pribatiboak erabiltzen direnean, espiatu egiten dutelako. Erabiltzaileak identifikatzen dituzten horiek guztiak baztertzen ditut nik. Soilik eskaera bat sinatzeko orduan ematen ditut nire satuak sarean, nire izena publikoa izate anahi dudalako kasu horretan. Baina ez dut sakelakorik, eta bankuan ez dut online eragiketarik egiten. Zergatik? AEBetan, banketxera bazoaz, eta norbait zure ordez badoa, dirua lapurtzeko, bankuaren erantzukizuna da. Baina Internet bidez gertatzen bada, zure errua da. Beraz… Ez, eskerrik asko!
Unibertsitate batean eman zenuen hitzaldi batean horrela hasi zinen: Mesedez ez partekatu nire argazkiak Facebooken, Instagramen eta WhatsApp-en.
Ez ditut erabiltzen, denak Facebook direlako. Facebookek erabaki zuen whatsappeko datuak Facebookera pasatzea. Sistema errepresibo baten adarrak dira denak. Facebooken argazki bat jartzen duzunean, enpresari zu espiatzen jarraitzeko aukera ematen diozu. Ez dugu argazkirik jarri behar. Hasieran erosoak dirudite sare sozial hauek, eta dirua lortzeko aukera ematen die askori. Erosotasuna ematen du epe motzean, baina epe luzean, oso negatiboa da.
Ardurak asumitu behar dira. Nor da honen guztiaren erruduna? Bi ikuspegi daude. Bata da, guk aukera badugu ongi jokatzeko, gu gara arduradunak. Bestea da, sistema da arduraduna, eta orduan erabiltzailei barkatu egin behar zaie. Nire ustez biak dira errudunak. Sistemak batek baimentzen duenean enpresa batek diru irabazi guztiak beste herrialde batera eramatea, modu legal batean, zergak ez ordaintzeko. Biak dira erantzuleak: bai sistema, baita eta enpresa ere. Beraz legitimoa da enpresa zigortzea nolabait. Boikota egitea adibidez. Nik sistema pribatiboari uko egitea gomendatzen dut. Gaur egun errazagoa da, ez gaude 1984an bezala! Guk beste aukera bat garatu behar nuen. Orain ez duzu sistema operatibo bat garatu behar. Jada egina dago eta. Orain softwarearen sistema soziala aldatu behar da.
Estatuek neurriak hartu beharko lituzkete?
Estatuak herriarengatik existitzen dira, herriari zerbitzu egin behar diote. Informatika egiten dutenean herriarengatik egiten dute, eta euren ardura da informatikaren kontrola izatea, ongi egiten dela ziurtatzea. Estatu batek sistema pribatiboa erabiltzen badu, ez du bere betebeharra egiten. Software pribatiboak urte luzez jarraituko du enpresa publikoetan, eta lehenbailehen hasi behar dugu aldaketa. Urte luzez konpondu gabeko arazoa da.
Software pribatiborik gabeko gizarte bat nahi dut, baina ez nuke nahi debekatzea. Marihuana debekatzea bezala izango zen. Drogaren aurkako gerra oso kaltegarria da. Gerrak are arriskutsuago egiten du edozein arazo, gerra bera arriskutsuagoa da. Eta drogen afera ez dut ustekabean jarri mahaigainean. Drogazaletasuna arazo bat da, eta teknologian ere gero eta adiktiboagoak gara. Teknologiaren garapenak are gauza adiktiboagoak egiten ditu. Baita janarian ere. Elikagai gero eta adiktiboagoak sortzen dituzte enpresek. Softwarean ere bai. Jokoetan ere bai, gehiago ordaindu eta jokatzeko. Lehen xakea edo scrubblea erosten zenuenean, jokoa erosten zenuen, eta jada ez zenuen gehiago ordaindu behar. Orain desberdina da. Erabiltzaileen poltsikoak husteko sistemak optimizatzen ari dira.


