Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, baina askok urte osoa daramate mota guztietako indarkerien aurka lanean, prebentzioan eta sentsibilizazioan.

ntiguako talde feministak antolatutako saio bat. (Argazkia: Antiguako talde feminista)
Emakumeen aurkako mota guztietako indarkerien kontra atera ohi da jendea kalera gaurko egunez, azaroaren 25ean. Dena den, asko dira egunez egun indarkeria matxista desagertarazteko lanean ari direnak. Urte guztian zehar lanketa handia egin da Donostian; gehienbat, sentsibilizazioan eta prebentzioan. Emakumeek aliantzak eta sareak sortu dituzte: esaterako, Emakumeen Etxean edo auzoetako talde feministetan.
Sareak sortzea izaten da prebentziorako eta sentsibilizaziorako lehenengo pausoa. Irene Ormazabal Donostiako Emakumeen Etxeko kideak azaldu du euren arteko sareak sortzea ahalbidetzen duten askotariko taldeak daudela emakumeen etxeetan.
“Mujeres por una Vida Libre de Violencia izeneko taldea, adibidez, astean behin biltzen da eta gehienbat emakume atzerritarrei sareak sortzeko aukera ematea da helburua”. Badaude bestelako talde batzuk ere; ahalduntze taldea eta erasoen aurkako komisioa, kasu. Ahalduntze taldean, gehienbat, nolabaiteko indarkeria sufritu duten emakumeek hartzen dute parte. Erasoen aurkako komisioak, aldiz, erasoen kontrako erantzunak lantzen ditu.
Sareak sortzea beharrezkoa da, baina baita erantzunak artikulatzea ere. Erasoen aurkako egitasmoetan arrakastatsuenetako bat da autodefentsa feminista, eta hori ondo dakite Donostiako Emakumeen Etxean: “Aurten uda aurretik egin dugu autodefentsa ikastaroa eta, plaza guztiak betetzeaz gain, 40 emakume geratu ziren kanpoan”; ondorioz, berriro antolatu zuten urrian. Autodefentsa ikastaro irekiez gain, arrisku egoera handiagoan egon daitezkeen emakume taldeekin ere egiten dituzte; aurten, Martuteneko kartzelan dauden emakumeekin eta babestutako etxeetan zein adin txikikoen zentroetan dauden emakumeekin egin dute.
Formakuntza
Formakuntza ezinbestekoa da indarkeria matxista detektatu eta aurre egin ahal izateko. Hori dela eta, urtean zehar, hainbat ikastaro eta saio eskaintzen ditu Emakumeen Etxeak. Halaber, Ormazabalek heldu nahi izan dio erasotuak izan diren emakumeekin lan egiten duten udal korporazioko kideen formakuntzari: “Erasotuak izan diren emakumeekin zuzenean egongo direnei formakuntza ematea ezinbestekoa da; gizarte langileei eta udaltzainei, esaterako”.
Formakuntzaz hitz egin dute Antiguako eta Amara Berriko talde feministetako kideek ere. Antiguan, urtarriletik apirilera bitarte iraun duen ikastaro bat antolatu zuten, Genero rolak ukatuz izenburupean, Mugarik Gabe elkartearekin batera. Bestalde, azaldu dute helburu argi batekin sortu zutela taldea: formakuntza. “Geure artean gaiak landu, informatu, eztabaidatu eta elkarrekin ikasi nahi ditugu”, adierazi du Amaia Chueca Antiguako talde feministako kideak.
“Indarkeria izan daiteke beldurra”, hala azaldu du Ormazabalek. Gaur egun, oraindik, emakumeak ez dira aske sentitzen, esaerako, gauez bakarrik etxera bidean. Horregatik, hiriko gune kritikoak landu zituzten udalarekin elkarlanean: egitasmoa ez zen izan soilik erasoak saihesteko, baita emakumeen askatasuna handitzeko ere: “Beldur zarenean, ez zara hirian zehar berdin mugitzen”.
Gaua, kalea, beldurra bezalakoak entzutea ohikoa izaten da jai giroan. Izan ere, erasoak ez dira soilik bakarrik, gauez eta etxera bidean gertatzen, eta horren jakitun dira hiriko talde feministak. Auzoetako jaiak ahalik eta espazio seguru eta osasuntsuenak izan daitezen gogotsu ari dira lanean Antiguan eta Amara Berrin.
Azken honetan lanketa berezia egin dute: aurtengo jaietan eta aurretik egina zuten erasoen aurkako protokoloa zehazteaz gain, brigada feminista bat eta erasoen aurkako talde bat sortu dituzte.
Erasoei aurrea hartzeko orduan, inguruak eta giroak sekulako garrantzia duela uste du Garazi Arluziaga-Gondatek, Amara Berriko brigada feministako kideak: “
Ongi etorri giro feministara dioen kartela jartzeak soilik asko baldintzatu dezake jai giroa”.
Mota guztietako erasoen aurrean izan beharreko jarrera zehaztu zuten protokolo batean, eta hori jai batzordeko kideek zein txosnetako txandetan parte hartu zuten guztiek irakurri behar izan zuten.
“Eraso bat zer den ere zehaztu genuen; gure ustez eraso bat da pertsona bat erasotua sentiarazten duen edozer, baina badakigu kasu batzuetan erasotuak salatu egingo duela, eta beste batzuetan erasoa guk identifikatuko dugula”. Hori dela eta, kasu bakoitzean nola erantzun zehaztu zuten; esaterako, alerta egonez edo laguntza eskainiz. Bestalde, Arluziaga-Gondatek azaldu du orain arte erasotua emakumea izatea soilik aurreikusten zela, eta esparru hori zabaldu egin dutela: “Emakumeen aurkako erasoez gain, eraso homofobo, lesbofobo, transfobo edo arrazistak ere salatu nahi genituen”.
Jaietan erasorik salatu ez bazuten ere, gerora bi eraso salatu dituztela aipatu du Arluziaga-Gondatek: “Jaien ondoren, hiru pertsonak bi salaketa egin dituzte, eta larunbatean ekintza bat egingo dugu, 12:00etan, Lakuntzako Anttoni plazan, erasoa salatu eta publiko egiteko”.
Antiguako talde feministak, berriz, umoretik landu du prebentzioa jaietan. Lehengo urtean, adibidez, piropo lehiaketa eta erasoen koadernoa egin zituzten: “Piropo lehiaketa bat egin genuen gero han ateratakoak guk aztertzeko, baina egia esan oso piropo sanoak eta barregarriak atera ziren; parte hartze handia izan zuen», azaldu du Monika Aizpitartek. Koadernoen salaketak, aldiz, ez zuen hainbesteko arrakastarik izan: «Txosnetan utzi genuen koaderno bat jendeak erasoen berri eman zezan, baina ez zuen inork idatzi”. Bestalde, pankartaz, pegatinaz zein txapaz bete zuten auzoa, sentsibilizazioan eta kontzientziazioan eragiteko. “Hurrengo jaietan oraindik ez dugu pentsatu zein dinamika egingo ditugun baina ondo legoke umoretik lantzea”, azaldu du Chuecak.
Nerabeekin lanketa berezia
Olaizolak esan du emakumeen etxetik lanketa berezia egiten ari direla nerabeekin: “Auzo batean hasi gara dagoeneko lanketa berezia egiten eta gainerako auzoetan ere egin nahi genuke; nerabeek batzuetan sortzen dituzten harreman ez osasuntsuetan esku hartu nahi dugu”.
Euskal Herriko Bilgune feministak, berriz, haurrengan jarri du arreta aurtengo kanpainan:
Ikusi makusi, zer ikusi? Haurren aurkako indarkeria partriarkalik ez lelopean . Bertan aipatzen du salatzen diren sexu gehiegikeriak kontuan hartuta, hamazazpi urtetik beherako lau neskatotik batek jasan dituela noizbait bere bizitzan, eta zazpi mutiletik batek. Kasuen %70ean ezagun bat izaten da erasotzailea.
Maiz oharkabean pasatzen den beste kolektibo bat da adineko emakumeena. Gipuzkoako Duintasuna elkarteak azaldu du adineko emakume askok jasaten dituztela prekarietate egoerak, bakardadea, pobrezia eta utzikeria, “miseriazko pentsioak” direla eta. Hainbat datu ere eman dituzte: pentsiodunen %46ak dira emakumeak, eta gehienek hilean 700 euro baino gutxiago jasotzen dituzte: “Ahaztu gabe milaka emakume bizi direla pentsiorik gabe, lan ordaindurik inoiz egin ez dutelako”.
Donostiako Gizarte Kontseiluak hiriko pobrezia eta gizarte bazterketa aztertu zituen martxoan, eta hiriko adineko emakume asko pobrezia egoeran bizi zirela izan zen ondorio nagusienetako bat.
Indarkeria matxistak ikusarazteko beharra nabarmendu du udalak
Indarkeria Matxistaren aurkako nazioarteko eguna dela eta, hainbat jarduera antolatu ditu Donostiako Udalak.
Duñike Agirrezabalaga Berdintasun zinegotziak azaldu du indarkeria matxista ez dela soilik hildako emakumeen zerrenda dramatiko bat: “Besteak beste, tratu txarrak, bortxaketak, etxeko indarkeria ekonomikoa, gizon izate hutsagatik gehiago direla uste dutenek egindako mehatxuak eta irainak daude”. Gizarteak bezala, erakundeak ere indarkeria mota horri aurre egin behar diotela uste du.
Horregatik, Ez da ez leloa errepikatzen jarraituko dute udaletik eta herritarrei indarkeria eta delitu horien konplize ez bihurtzeko deia egin du.
Hori dela eta, 140 puntu lila banatuko dituzte Dbuseko autobusetan; 1.000 pegatina erantsi autobus, saltoki, erakusleiho eta bestelakoetan; eta pankartak jarriko dituzte udaletxean eta Goikoa jauregian.
Usandizaga Institutuko diseinuko ikasleek diseinatu dute beste urtebetez kanpainako material grafikoa eta errealitate matxistaren betaurrekoak sortu dituzte. “Kanpaina hau ez dago jarrera matxisten erasotzaile edo biktimei zuzendua, jarrera horien lekuko diren gazteei baizik», adierazi dute egileek. Bestalde, gaineratu dute egunero izaten direla indarkeria fisikoa ez diren egoera matxisten lekuko: «Horietara ohituta gaude eta, zoritxarrez, ez gaituzte harritzen. Errealitate matxista hau ikusi eta salatzeko garaia da”.
Aldundiak prebentzioan jarri du arreta
Aurre! plana aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak; adituek, elkarteek eta alderdi politiko guztiek parte hartu dute bertan, eta 70 jarduera inguru prestatu dituzte. Kanpaina bat abiatuko dute azaroaren 25ean, Denok zu lelopean: “Gizarte osoa emakumearen lekuan jartzera gonbidatzen dugu”, azaldu du Miren Elgarresta Berdintasunerako organoaren zuzendari nagusiak.