"Jai batzordea zuekin dago"
Amara Berriko jaietan izandako bi erasoen aurrean salaketa publikoa egin dute.
Amara Berriko jaietan gertatutako bi eraso sexista salatzeko agerraldia egin du gaur Superxagu jai batzordeak. “Nazkatuta gaude, amorruz beteta eta gure gaitzespen osoa eta salaketa irmoa plazatzen dugu”, esan dute ozen jai batzordekoek. Salaketa publikoan idatzi bat irakurrik ez ezik, elkartu diren hamarnaka lagunek performance bat ere egin dute.
Azaldu dutenez, jaietan gertatutakoa ez da kasu isolatu bat: “Emakumeok egunerokotasunean behin eta berriro jasaten ditugu era guztietako erasoak, irainak, adierazpen sexistak, gutxiespenak, jeloskortasunak, kolpeak, jipoiak, bortxaketak, erailketak”. Jaiak, hortaz, ez direla gune isolatuak salatu dute: “Pertsona ugari harritu dira auzoko jaietan, aurten, bi eraso salatu direlako. Ea behingoz harritu beharrean, lehenengo gauza haserretzea den“.
Jai batzordearen babesa
Halere, poztasunerako tartea ere izan dute: “Goazen poztera aurten hiru emakume gai izan direlako urteetan zehar gertatu zaien hori identifikatu eta salatzera, nahikoa dela esan dutelako, eta egoera bortitz horri aurre egiteko hautua egin dutelako. Aurten, gainera, jaiak antolatzerako orduan, hausnarketa feminista egin du jai batzordeak. Lagunak, kideak: jai batzordea zuekin dago, bat ukitzen duten bakoitzean, denak garelako ukituak. Eraso bat gertatzen den orotan, denok galtzen dugulako zerbait, denoi eragiten digulako askatasun ezak“. Beraz, Amara Berrin ez dutela eraso sexista, lesbofobo, homofobo, transfobo edo dena delakorik onartzen gogoratu dute. Lan asko dagoela egiteko nabarmendu dute; horregatik, borrokan batzeko deia egin dute: “Ez gara isilik geldituko, ez dugu eraso bat bera ere erantzunik gabe utziko, eta jai feministen alde borrokan jarraituko dugu, denok aske gozatzeko jaiak lortu arte!”.
Erlazionatutako edukiaAmara Berriko jaietan bi eraso sexista egon direla salatu dute