"Donostiak hizkuntz aniztasun handia izan du beti"
Donostia eta Europako hizkuntzen perspektiba sozio-historikoari buruzko jardunaldi batzuk egingo dituzte abenduaren 20an.
Euskaltzaindiak eta Donostia 2016k elkarlanean, jardunaldi batzuk antolatu dituzte abenduaren 20rako. Euskarak eta erdarek azken 250 urteetan Donostian izandako bilakaera soziolinguistikoa aztertuko dute. Hitzordua Luis Villasante Euskararen ikerguneko Tolare baserrian izango da (Almortza bidea, 6), 9:30etik 14:00ak arte.
Donostia 2016ko kultur programaren zuzendari Xabier Payak azaldu duenez, kultur hiriburutzak Europako identitateari egin nahi dion ekarpen bat da hizkuntzen aniztasuna. “Hizkuntzak ezinbestekoak dira elkarbizitzarako”, nabarmendu du Payak. Bada, jardunaldien bidez, donostiarrek ez ezik, euskaldun guztiek ere izango dute aukera hiriak betidanik izan duen hizkuntz aniztasuna ezagutzeko.
Kutxa Fundazioak babesten du hitzaldi sorta eta horien garrantzia azpimarratu du bertako ordezkari Antonio Camposek: “Jardunaldietan ikusi ahal izango dugu nola biziraun duen euskarak inguruan beste hizkuntza batzuk izan dituenean. Gainera, etorkizuna zehazteko beharrezkoa da nondik gatozen ezagutzea”.
Euskararekin batera beste lauzpabost hizkuntza egon dira Donostian
Euskaltzaindiko Euskararen Historia Soziala egitasmoko zuzendariak abenduaren 20ko egitaraua aurkeztu du. Besteak beste, esan du 900 urteko tartean, euskaraz gain, beste lauzpabost hizkuntza zeudela Donostian: gaskoia, gaztelera, frantsesa, latina eta aztertzen ari diren behe-alemaniarra. Jardunaldietan parte hartu nahi duenak izena eman dezake jada info@euskaltzaindia.eus posta elektronikora idatzita edo 94 415 81 55 telefono zenbakira deituta. EGITARAUA- 9:30-9:45. Agurra.
- 9:45-10:20. Kultura, historia, hizkuntza: loturak eta azterketarako metodologiak. Lionel Joly, Euskararen Historia Soziala egitasmoko ikertzailea.
- 10:20-11:00. Europako hizkuntzak Donostiako historian. Mikel Zalbide, Euskararen Historia Soziala egitasmoko zuzendaria.
- 11:00-11:30. Donostiako egoera soziolinguistikoa XVIII. mendean. Juan Madariaga, Historialaria eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea.
- 11:30-12:00. Atsedena eta kaferako tartea.
- 12:00-12:30. Donostiako egoera soziolinguistikoa egungo egunean. Olatz Altuna eta Maialen Iñarra, Soziolinguistika Klusterra.
- 12:30-13:15. Donostiako bilakaera soziolinguistikoa azken 250 urteetan. Mikel Zalbide, Euskararen Historia Soziala egitasmoko zuzendaria. Lionel Joly.
- 13:15-13:30. Galde-erantzunak eta iradokizunak.
- 13:30. Azken hitzak.