"Txillidak bide irekiak zituen gogoko; guk ere bai!"
Gurpildun aulkian doazen herritarrez gain, haurren aulkitxoarekin doazenek edo bastoiarekin doazen adinekoek ere arazoak dituztela aitortu dute; baita oinetako takoidunekin ere. Ez dela desgaitasunak dituzten pertsonen arazoa soilik ikusarazteko, Haizearen Orrazian zebiltzan herritar eta kazetariek ere izan dute gurpildun aulki baten eseri eta harrizko zoladura probatzeko aukera.
Elkartuko kide batzuk ez dira metro bakar batzuk egitera ausartu, kalte fisikoak dituztenentzat oso zoru bortitza delako.
Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna da bihar, abenduak 3, eta aukera berdintasuna aldarrikatzeko egin dute Elkartuko kideek gaurko agerraldia. Talde argazkia ateratzeaz gain aldarrikapenez beteriko bidea bat ere egin dute Haizearen Orrazian:
-Arteaz gozatu, artea bizi, artea sentitu (Arri)
-Aukera berdintasuna, noizko? (Ainhoa)
-Txillidak bide irekiak zituen gogoko; guk ere bai!
-Haizearen Orrazia denontzat (Miren)
Elkartu, elkarteko kideak Haizearen Orrazian izan dira eguerdian. Ez dira Txillidaren eskulturak dauden muturreraino heldu, ordea, ezin dutelako.
Ezintasun fisikoak zituzten hainbat herritar elkartu dira, eta euren ezina ikusarazi dute. Gurpildun aulkian etorri dira gehienak, eta Haizearen Orrazia ez dela irisgarria salatu dute. Ez da lehen aldia horrelako salaketa bat egiten dutena. Donostiako udalarekin bildu direla azaldu du Mikel Malkorra, Elkartuko kideak, baina ez dute erantzunik jaso.
Leku, ondasun eta zerbitzuen irisgarritasun unibertsala hiritar guztien eskubidea izanik, hain adierazgarria den espazio baten, hots, Haizearen Orraziaren irisgarritasun baldintzak bermatzeko eskatzen dute. Badakite artelan gisa onartua dagoela gunea bera, baina moldaketa batzuk egin daitezkeela uste dute, espazioaren balio kultural eta artistikoa errespetatuz.
Peña Gantxegi familiarekin bildu da Elkartu, eta ulergaitza dela uste dute euren jarrera, ez baitute inolako moldaketarik onartzen. Dena dela, irisgarritasuna bermatzea udalaren ardura dela uste dute, eta erantzukizunez jokatzea eskatu dute: “Udalari dagokio herritar guztion eskubideak bermatzea, kasu honetan irisgarritasun eskubideak, beraz, neurriak hartu beharko dituzte”, esan du Malkorrak.
Ez dute espazio guztia moldatzerik nahi, baina gutxieneko bide bat bai. Aukera ezberdinak proposatu dituztela azaldu du Malkorrak: “Harrien arteko tarteak betetzea da aukera bat, nolabaiteko bide bat markatuz. Edo erretxinazko geruza bat ematea guztiz gardena. Borondatea badago, aukerak badaude”.