Ezintasun fisikoa duten pertsonen alde egiten du lan Elkartuk. Haizearen Orraziaren irisgarritasuna bermatu dezatela aldarrikatu dute. Arazoari konponbide bat bilatzeko asmoz, udalak txosten bat egingo duela adierazi du.

Haizearen Orrazia ez dela irisgarria salatu zuten joan den ostiralean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Gipuzkoako Ezintasun Fisikoa duten Pertsonen Koordinakundea da Elkartu. Hamar elkartek osatzen dute taldea, eta euren helburua da ezintasun fisikoa duten pertsonen erabateko barneratze eta partaidetza soziala lortu eta bideratzea.
Asmo hori betetzeko, leku, ondasun eta zerbitzuen irisgarritasun unibertsala herritar guztien eskubidea izan behar duela defendatzen dute. Euren aldarrikapena kalera atera zuten joan den ostiralean, Haizearen Orrazian. Bertan, irisgarritasun baldintzak sustatzeko beharrezko neurriak hartzeko eskatu izan du Elkartuk behin eta berriro, «duintasuna eta segurtasunagatik».
Bada, ostiralean, Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Egunaren atarian, ezintasun fisikoak dituzten hainbat herritar elkartu eta euren ezina ikusarazi zuten, Haizearen Orrazia irisgarria ez dela salatuz.
Izan ere, gurpildun aulkian doazen herritarrez gain, haurren aulkitxoekin doazenek edo makilarekin doazen adinekoek ere arazoak dituztela aitortu dute, baita takoidun zapatekin doazenak ere.
Jakin badakite artelan gisa onartua dagoela Haizearen Orraziaren gunea, baina moldaketa batzuk egin daitezkeela uste dute, espazioaren balio kultural eta artistikoa errespetatuz. Elkartuko kide Mikel Malkorrak azaldu duenez, aukera desberdinak proposatu dituzte: «Harrien arteko tarteak betetzea da aukera bat, nolabaiteko bide bat eginda. Edo erretxinazko geruza bat ematea, guztiz gardena izango dena. Borondatea egonez gero, aukerak badaude».
Peña Gantxegi familiarekin bildu da Elkartu, baina ez dutela inolako moldaketarik onartzen adierazi du Malkorrak: «Ulergaitza da euren jarrera. Halere, udalari dagokio herritar guztion eskubideak bermatzea; beraz, neurriak hartu behar dituzte».
Azterketa batetik harago
Elkartuk Irutxuloko hitzari jakinarazi dionaren arabera, azken egunotan, udala harremanetan jarri da beraiekin: «Esan digute txosten bat egiteko eskatu dutela, zein konponbide tekniko egon daitezkeen jakin eta, horrela, erabakiren bat hartzeko. Ondo dago udalak azterketa bat egitea, baina, horretaz gain, konpromiso eta lidergo politiko bat ezinbestekoa da. Adibidez, hurrengo urteko aurrekontuetan aurreikusi dezakete konponbide hori. Gauzak hobetu dira, noski, baina eskubideei buruz ari gara hitz egiten, eta ez du balio pixkanaka lan egitea; bultzadak handiagoa behar du izan».
Malkorrak adierazi duenez, Donostian, duela urte batzuk, irisgarritasun plan bat egin zuten: «Azkeneko hilabeteotan, gaia berrartzeko saiakerak egon dira, eta benetan beharrezkoa ikusten dugu. Gauza asko daude hobetzeko eta, horregatik, plan hori eztabaidatu eta berritu behar da».
Hobetzeko dauden gauzen artean, besteak beste, espaloiak eta garraioa aipatu ditu: «Garraioan asko hobetu da irisgarritasuna, baina hiriko autobusetan oraindik gabezia batzuk daude arrapalen funtzionamenduan».
Bestalde, duela bi urte egin zuten azterketa bat ekarri du gogora Malkorrak: «Erabilera publikoko lokalen egoera –dendak, jatetxeak, tabernak…– zein zen aztertu genuen, eta datuak nahiko kezkagarriak izan ziren. Egun, taberna eta komertzio askotan, ezintasun fisikoa duten pertsonak ezin dira sartu ere egin. Beraz, erronka handiena, une honetan, hori da: toki horietan sartzeko neurriak hartzea».
Horretaz gain, Donostiako autobus geltoki berrian ere irisgarritasuna ez dela guztiz bermatzen azaldu du Malkorrak: «Proiektua hasieran ez zen batere irisgarria; autobusen aparkaleku batzuk bakarrik zeuden bermatuta. Zertxobait aldatu zuten arren, gure ustez, aparkaleku guztiak izan behar dira irisgarriak eta, horregatik, aurkeztu genuen errekurtso bat. Oraindik, zain gaude».
Kultur ekitaldietarako gida
Kultur Hiriburutzaren harira, aurten, garrantzi handia eman diote kultur arloan ezintasun fisikoa duten pertsonen erabateko barneratzea bermatzeari. Hori dela eta, Donostia 2016rekin batera, gida bat landu dute: «Ziurtatu nahi dugu kultur ekitaldi irisgarri eta barneratzaileak egiten direla. Gidan, oinarrizko informazioa ez ezik, ekitaldi mota desberdinen arabera, hartu behar diren neurriak ere azaltzen dira».
Donostia 2016rekin elkarlanean osatutako gida hori ostegunean, abenduak 15, aurkeztuko dute, 17:30ean, Tabakaleran