Larratxoko jolastokiko hormairudia margotu dute jada
Larratxoko Osteguna auzo elkarteak antolatuta, bertako jolastokian dagoen murala margotzeko lehiaketa bat prestatu zuen urrian. Interesa zutenek, euren proposamenak bidali eta auzo elkarteak aztertu zituen. “Inguruarekin zerikusia zuen zerbait izan behar zen, haurrak ardatz izanda”, nabarmendu dute. Bada, jaso zituzten lau proposamenetatik bat hautatu eta horixe egon dira margotzen egunotan, eta jada amaituta dago.
Irabazlea Larratxoko Cristian Gil izan da, eta 400 euro eskuratu ditu sari gisa. Bost egun eman ditu margotzen auzotarrak: “Aurreko astean lanean jai neukan, eta haurra eskolan utzi ostean, margotzera joaten nintzen. Pareta batean marrazki bat egiten nuen lehen aldia zen. Horregatik, lehenengo klarionarekin hasi nintzen poliki-poliki, eta gero pinturarekin margotu nituen barruko koloreak”.
Marrazkiak haurrekin zerikusia izan behar zuenez, bere alaba Rosanaren laguntza izan zuen Gilek: “Berak proposatu zidan igel eta erle bana margotzea. Eta, nola ez, erabaki nuen parkean bere bilobekin egunero egoten diren aiton-amonei nolabaiteko omenaldia egitea”.