Mozal Legeen aurkako mozioa aurkeztuko du berriz Eleak-Librek
Duela urte eta erdi onartu zituzten Mozal Legeak: Herritarren Segurtasunerako Legea eta Kode Penalaren erreforma. Donostian, gutxienez, 22 dira Mozal Legearen aplikazioagatik zigortuak edo isunak ordaindu dituztenak; guztira 9.000 eurotik gora jarri dituzte. Egoerari aurre egiteko bi bide aurkeztu ditu Eleak-Libre mugimenduak: batetik, edalontzi solidarioak salduko ditu hiru euroan San Tomas egunean eta, bestetik, udalean mozio berri bat aurkeztuko dute.
Uste dute mozal Legeak protestak zigortzeko helburuarekin formulatutako neurriak direla: “Pobrezia eta ezegonkortasun egoerak zigortuko dituzte”. Izan ere, Eleak-Libre mugimenduak uste du edozein herritar bihurtuko dela susmagarri, delitua gertatu beharrik gabe: “Ez dira gertakariak soilik kriminalizatuko, zenbait giza talde kriminalizatuko dira; migratzaileak, aktibistak edo baliabiderik gabeko pertsonak”. Argi dute Herritarren Segurtasunerako Legea eta Kode Penalaren erreforma onartzen badituzte, herritarrak “koxka bat” estuago egongo direla: “Horregatik, inoiz baino antolatuago eta kalean egoten ahalegindu behar dugu”.
Erakundeak ere aurka
Herritarrak bakarrik ez, hainbat erakunde ere lege hauen aurka azaldu dira. Nazio Batuen Erakundeak uste du “norbanakoen oinarrizko askatasunaren aurkako mehatxuak direla”. Euskal Herrira etorrita, Gasteizko parlamentuak ere aurkakotasuna adierazi zuen eta legea “errefusatu” zuen. Bestalde, azaldu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek Mozal Legeak arbuiatu zituztela.
Udalean aurkeztutako mozioarekin Donostiako Udalak bide berbera hartzea nahi dute; San Tomas egunean salduko dituzten edalontziekin, berriz, orain arteko isunak ordaindu nahi dituzte.
Hori dela eta, dei egin dute “beldurra galdu eta neurri bidegabe hauen aurrean modu irekian desobeditzera”.


