Zubietan errauste planta egiteko baimena eman du Donostiako Udalak
Donostiako Udaleko udalbatzarra eten egin du Eneko Goia alkateak, erraustegiaren aurkako mugimenduko 50 bat lagunen protestek eraginda. Gaur Arzabaleta hirigintza plana aldatu du erraustegia ahalbidetzeko Zubietan EAJ, PSE-EE eta PPren aldeko botoekin. EH Bilduk eta Irabazi Donostiak aurka bozkatu dute.
Botoak eman dituzten unean, errauste plantaren aurkako mugimenduko kideak protesta egiten hasi dira, eta alkateak eten egin du udalbatzarra.
Udaltzaingoak pertsona bat atxilotu du. Udalak hedabideei bidali dien oharraren arabera, “Udalbatzatik irten nahi izan ez duelako, bere burua identifikatzeari ukatu diolako eta autoritateari aurre egin diolako”.
Eneko Goiak esan du udalbatzan gertatutakoa larria dela: “Gaur gertatutakoak iraganeko kontuak gogora ekartzen dizkigu, hain zuzen ere, gainditutako kontuak. Baina aitzitik, badirudi batzuentzat garai horiek ez direla pasa. Udaletxea erakunde demokratikoa da eta, beraz, ez da onargarria udalbatzaren funtzionamendua irainka eta oihuka oztopatu nahi izatea. Eta hori da gaur bizi izan duguna”.
EAJ, PSE-EE eta PPren botoei esker, Donostiako Udalak onartu egin du Arzabaletako plan berezia, eta horrek ahalbidetuko du Zubietako lurretan errauste planta bat eraikitzea.
Eztabaidatu gabe gelditu diren gaiak urtarrileko udalbatzako gai zerrendan sartuko dira.