2016ak utzitakoa jasoko du ostiraleko urtekariak
2016ari begira jarri eta urtearen errepasoa argitaratuko du IRUTXULOKO HITZAk, ostiralean.
Uliako mintegiak babesteko borroka, metroaren aurkako mugimendua, Arroka frontoia babestearen aldeko dinamikak, Mirakruz 19 eraikina babesteko ahaleginak. Hainbat izan dira 2016ak utzi dituen bizilagunen borrokak. Horien laburpena jasoko dugu urtekarian. Bestalde, bizilagunen borrokez gain aurten berpiztu egin da Erraustegiaren aurkako mugimendua, eta Gipuzkoa Zutik eta GuraSOS bezalako dinamikak abiarazi dituzte. Parte hartzea eskatu dute aurrez aipatutako gehienek, eta horixe lortu nahi dute zezenketen inguruko aferan ere: herri kontsulta.
Euskararen arloan urte oparoa izan da 2016a. 25 urte bete ditu Bagera elkarteak eta badirudi haize berriak ekarri dituela urteurrenak. Izan ere, dinamika berritzaile bat egin zuten urte hasieran Egian: Egian euskaraz bizi nahi dut. Dinamika Añorgara iritsi zen ondoren, eta orain baliteke Intxaurrondon ere antzeko egitasmo bati heltzea. Hala ere, euskararen aldeko apustua ez dute auzoek soilik egin, Donostiako Piratek ere ‘Txanpa’ hartu zuten euskararen alde, Aste Nagusian egindako egitasmo batekin.
Euskara izan da protagonistetako bat, baina baita emakumeak ere; bereziki, kirolean. Emakumezkoen kirolari begira egin dugu urteko errepasoa, emakumeak izan baitira aurten albiste esanguratsuenak sortu dituztenak.
Bestalde, aurten inauguratu dute Donostiako autobus geltoki berria, Garbera handitzea adostu dute, eta Illunbe saldu du udalak; bertan, hotel bat, elikadura saltoki gune bat eta dendaz, tabernaz eta zinemaz osatutako beste saltoki gune handi bat egitea aurreikusi dute.
Ezin ahaztu Kultur Hiriburutza, kulturaren urtea eta kulturaren hiria izango zela iragarri zuten batzuek, eta dagoeneko bukatu da. Kutur Hiriburutzak utzitakoa ere jasoko dugu urtekarian.
Azkenik, urteko albiste nagusiak iruditan jaso ditugu. Ostiralean izango duzue eskuragarri!


