Ekainean Añorgan egin zuten prentsaurreko jendetsua. (Argazkia: Belartza 2 Gelditu)
Mc Donald’s-en eta Mercadonaren mehatxupean “haserre eta kezkatuta” hasi zuten urtea Añorgako hainbat bizilagunek. Itxita zegoela uste zuten ate bat ireki zitzaien otsailean, Belartza 2 eremuan lanak hasi zituztenean. Proiektuaren berri izan bezain laster ekin zioten Belartza 2 Gelditu mugimendua sortzeari. Bizilagunek eta talde ekologistek bat egin dute Belartza 2 eremua babestearen aldeko borrokan. Izan ere, 2009tik onartua dago proiektua, baina beraiek aurten izan dute haren berri, eta ezjakintasunaren ondorioz ezin izan zituzten alegazioak aurkeztu.
Belartza 2 eremutik gertu bizi diren auzotarrak babes deia zabaltzen hasi ziren eta bilera ireki bat egin zuten Añorgako bizilagunek. Izan ere, obrak hasi eta gutxira bizilagunek eta talde ekologistek obretako lur hondarrak Belartza 2 eremuan pilatzen ari zirela ohartarazi zuten.
Hori dela eta, bilera egin zuten ekainean udal ordezkari eta teknikariekin; bazekiten harrobiko proiektuak ez duela atzera bueltarik, baina Belartza 2 proiektua babestu nahi dute.
Argudio argiak dituzte horretarako. Bizilagunen ustez, industriagunea zabaldu nahi duten eremuak balio natural handiak ditu: babestutako landareak, Unanue gune naturala, eta hainbat animalia espezie. Añorgako berdegune honek Donostiako periferia berdea osatzen du, Ibaeta, Aiete, Igeldo eta Usurbilekin batera, eta ez luke zentzurik 209.000 metro koadro industrializatu nahi izatea. Udalak hasiera batean kolokan jarri zuen proiektua eta aztertuko zuela esan zien bizilagunei; baina ez zuten erantzunik jaso.
Mercadona eraikitzeko lanak hasi zituztenetik hainbat aldiz kexatu dira bizilagunak eta talde ekologistak: alde batetik, Mercadona eraikitzeko lanak egiteko erabiltzen ari ziren materialak Belartza 2 eremuan pilatzen ari zirela salatu zuten; eta bestetik, Mercadona eraikitzeko lanetarako lehiaketa publikorik ez zela egin ohartarazi zuten.
Ekainaren 1ean gelditu zituzten lehenengoz lanak, obrak modu irregularrean egiten ari zirela salatu eta hilabetera. Betelana lau hilabetez geldituta egon ostean, berriro ere materialak isuri eta metatzeari ekin ziotela salatu zuten talde ekologistek;?eta udalari egotzi zioten Belartzako lanen ilegaltasunen aurrean ezer ez egitea.
Handik egun batzuetara, talde ekologistek, Añorgako bizilagunek eta EH Bilduk lanen modu irregularra salatu zuten, berriro ere;?eta udalak lanak geldiarazi zituen. Dena den, eraikitze enpresak ez zien jaramonik egin eta udalak ingurua hesitu behar izan zuen lanekin jarraitu ez zezaten. Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak berak ere aitortu zuen eraikitze enpresa «harpa jotzen» ari zitzaiela. Kontuak kontu, urriaren 18an udalak berriro eman zion lanekin jarraitzeko baimena eraikitze enpresari. Obrek aurrera jarraitzen dute, nahiz eta, oraindik bizilagunek eta ekologistek irregulartasunak salatzen jarraitzen duten.
Azken hilabeteetan zenbait jarduera egin ditu Belartza 2 Gelditu plataformak. Azaroaren 27an protesta martxa egin zuten Añorgako Amassorrain ikastolatik udaletxera Belartza 2 eremua babesteko eskatuz, eta sinadura bilketa ere abiatu dute Change.org plataforman.