Ez dute amore eman

gipuzkoa_zutik_mugimenduar-1

Gipuzkoa Zutik mugimenduaren asanblada, Bulebarrean. (Argazkia: Malen Aldalur)

Zubietan eraiki nahi duten errauste plantak zalaparta sortu du. Herritarrak antolatu eta hainbat mugimendu eta dinamika sortu dituzte, “osasunaren alde eta erraustegiaren kontra” egiteko. Burua duenak ez du erraustegirik nahi bere herrian, eta bihotza duenak ez du beste inoren herrian nahi, lelo honek laburtu dezake aurten “erraustegiaren kontra eta osasunaren alde” aritu diren mugimenduen eta dinamiken aldarrikapena. Egia da hondakinen afera ez dela berria Gipuzkoan, baina aurten indar bereziarekin sartu da Donostian; Zubietan eraiki nahi duten erraustegia dela eta. Hori dela eta, urtea indartsu hasi zuen Erraustegiaren kontrako mugimenduak otsailean Zubietara egin zuen martxarekin. Foru Aldundiak erraustegia eraikitzeko mehatxua piztearekin batera, mugimendua indartu egin zen. Andoaindik, Zizurkildik, Hernanitik, Añorgatik, Lasartetik, Zubietatik eta Usurbildik atera eta Zubietara arte iritsi zen martxa egin zuten; eta 3.000 lagun bildu ziren Zubietako frontoian. Indar erakustaldiaren ondotik, maiatzaren 29rako iragarri zuten hurrengo mobilizazio indartsua. “Zubietako errauste plantaren aurka eta osasunaren alde”, giza katea egin zuten Onkologikotik Gipuzkoa plazara. 5.000 pertsona espero zituzten  eta marka guztiak hautsi zituztela azaldu zuten antolatzaileek.

Gipuzkoa zutik

Egun berean, Erraustegiaren kontrako mugimenduak deitutako giza katea bukatu eta ordu batzuetara, Gipuzkoa plaza hartu zuten ehunka lagunek erraustegiaren eta egungo sistema politiko-ekonomikoaren aurka. Kanpaldia egiteko erabakia hartu zuten asanbladan: Ez goaz etxera lelopean. Ekainaren 6an goizaldean udaltzaingoak Gipuzkoa plaza hustu zuen Ertzaintzaren laguntzaz eta, ondorioz, Bulebarra hartu zuten mugimenduko kideek. Geroztik, hainbat saiakera egin zituzten berriro Gipuzkoa plazan kanpatu ahal izateko eta bortizki erantzun zuten udaltzaingoak eta Ertzaintzak; dinamikako hainbat kide identifikatu eta Mozal Legeak aplikatuz. Hilabeteren ondoren, kanpaldi iraunkorraren formatua bukatutzat eman eta herrietara zabaltzeko erabakia hartu zuen Gipuzkoa Zutik mugimenduak. Donostian hasitako kanpaldiak Zubieta izan zuen lehen geltoki, eta geroztik Gipuzkoako gainerako herrietara zabaltzea adostu zuten. Zubietako herritarrek hainbat egitasmoren bitartez erakutsi dute erraustegiarekiko adostasunik eza: Zubietako frontoian bukatu zuten erraustegiaren aurkako protesta nagusienetako bat, Gipuzkoa Zutiken kanpaldia egin zuten, eta  erraustegiaren maketa bat erre zuten San Joan suan. Hori gutxi balitz, Zubietak ezezko garbia eman zion erraustegiari, urrian egin zuten herri galdeketan: Botoa eman zutenen %97,9k esan zuten ezetz.

GuraSOS

Maiatzean sortu zuten GuraSOS, Zubietan egitekoak diren erraustegiak umeengan izango duen eraginengatik kezkatutako guraso taldea. “Eztabaida, parte hartzea eta adostasuna” eskatzeko hainbat egitasmo egin dituzte. Garrantzitsuenetako bat izan zen hilabete berean Hernaniko Orona kooperatiban egin zituzten osasunaren eta errausketaren inguruko jardunaldiak. Egitarau oparoa antolatu zuten eta, bertan, hainbat mediku erraustegia etxetik gertu izateak sor ditzakeen kalteez mintzatu ziren. Jardunaldien ondotik, ekainaren 19an egin zuten lehen mobilizazio jendetsua, “ez dizut hutsik egingo”, lelopean. Desfile bat irudikatuz egin zuten protesta. Donostia beltzez jantzi zuten, erraustegiaren aurka, honek txikiengan izango lituzkeen ondorioak salatzeko. Abuztuan, berriz, Abuztoc jaialdia egin zuten; eta azaroaren 26an izan zen hurrengo indar erakustaldia. Hainbat jende ezagunen bideoak argitaratu zituzten mobilizazioari atxikimendua emanez, eta manifestazio jendetsua egin zuten: Gipuzkoa+: Eman bidea Osasuna eta Adostasunari , lelopean. Dena den, mobilizazioez gain beste bide batzuk ere urratu ditu GuraSOS taldeak: bata, gizartean eztabaida bultzatzeko; eta bestea, bide juridikoak urratzeko. Hori dela eta, hondakinen aferari irtenbidea emateko bide orri bat aurkeztu dute. Azken hilabeteetan ere indartsu dago mugimendua: ETBren isiltasun informatiboa gainditzeko Baietz 200.000! egitasmoa abiatu dute eta, bilkura-askari jendetsua ere antolatu dute.

Udalaren oniritzia

Bidea egiten ari dira mugimendu hauek erraustegiaren aurkako borrokan, baina urtea bukatzeko ez dute esperotako erantzunik jaso. Donostiako Udalak joan den asteartean Zubietan errauste planta egiteko baimena eman zuen, EAJ, PSE-EE eta PPren botoei esker. Hainbat herritarrek protesta egin zuten udalbatzarrean, eta alkateak plenoa bertan behera uztea erabaki zuen. Abenduaren 26an erabakiko dute abenduaren 27an erraute planta lizitatuko duten edo ez. Dena den, lanean jarraitu nahi dute eta abuztuaren 27an, lizitazioaren egun berean, Gipuzkoa plazan protesta egiteko deia zabaldu dute.
HITZAkide HITZAkide