Hotel bat eta saltoki gune berri bat egingo dituzte
Uztaila amaieran, Tokiko Gobernu Batzordeak eman zuen albistea: Illunbe salgai dago. Izan ere, behin betiko onarpena eman zioten salmenta baldintzei, eta eskaintzak jasotzeko epea ere zehaztu zuten. Gutxieneko prezioa 17 milioikoa izan behar zuela esan zuten, eta hortik gora, 50.000 euroko gehigarriekin egin zitezkeela eskaintzak.
Bi lursail jarri zituzten salgai: lehen zinemak eta tabernak biltzen zituen gunea, 20.870 metro koadrorekin; eta Donostia Arena 2016 eraikinaren atzeko orubea, 14.000 metro koadrokoa. Hortaz, erosleak inguruko irisgarritasun eta egokitze lanen gastua hartuko zuen bere gain.
Udal ordezkariek erosle bat baino gehiago aurkeztea espero bazuten ere, bakarrak egin zuen proposamena. Larrain SL (Moyua taldekoa) eta Loiola Gestion Inmobiliaria (Altuna – Uria taldearena) konpainiek osatutako enpresak egin zuen eskaintza. Eneko Goia alkatea pozik agertu zen, «behingoz auziari irtenbide bat» emateko moduan daudelako. Era berean, Illunbe «zama ekonomiko handia» izan dela udalarentzat onartu zuen; horregatik, «oso berri ona» iruditu zitzaion saldu izana.
Baldintzak betetzen zituela ikusita, Illunberen salmenta onartu zuen udalak azaroan, eta jabe berrien asmoak jakitera eman zituzten. Hotel bat egingo dute Illunben, 3.000 metro koadro erabiliz. Antzeko azalera erabiliko dute elikadura saltoki gune bat sortzeko; eta egun hutsik dauden lokaletan, hau da, zinema aretoak eta tabernak zeuden lekuetan, saltoki gune berri bat egitea aurreikusi dute: arropa denda, taberna eta bestelako saltokiekin. Zezen plazaren erabilera ez, beste guztia ustiatu ahal izango du enpresa irabazleak beste 50 urtez.
Albisteak mota guztietako erantzunak ekarri ditu alderdien artean. Pozik daude PSE eta EAJ udalak dirua berreskuratzeaz gain, eraikinari erabilera bat emango zaiolako. Balorazioak egiteko oraindik goiz dela uste du PPk eta zuhurtziaz jokatu nahi du. EH Bilduk eta Irabazi Donostiak, aldiz, hiri ereduan jarri dute arreta eta egitasmo berria dendari eta tabernari txikien kaltetan izango dela uste dute. Amara Berriko auzo elkarteko kideak ere ez daude gustura erabakiarekin.


