20 urte baino gehiago zain egon ondoren, autobus geltoki berria inauguratu dute. Erabiltzaile eta elkarte askok ez dute begi onez ikusi azpiegitura berria.
Autobus bat geltoki berrian sartzen. (Argazkia: Lide Ferreira)
2016. urtea ez zen izan udal gobernuak aurreikusitako irekiera urtea. Hasiera batean, 2015eko abenduan irekitzeko asmoa zuten. Aparkalekua abian jarri zuten, baina gainontzeko zerbitzuak noiz irekiko zain egon ziren herritarrak. Data berria iragarri zuten –urtarrilaren 15a–, baina berriro atzeratu behar izan zuten.
Izan ere, Eneko Goia Donostiako alkateak presazko agerraldi bat egin zuen bezperan, azaltzeko suhiltzaileen txosten batek eta Tecnalia enpresak egindako proba batek eragin zutela atzerapena: «Autobus batek su hartuko balu, geltokia kez beteko litzateke, eta ez litzateke kea kanpora aterako. Simulakroek hala erakutsi dute». Nabarmendu zuen arazo hori soilik autobusen darsenei eragiten ziela, eta ez autobus geltokiaren azpiegiturari.
Handik aste batzuetara, Donostiako Udalak jakinarazi zuen Atotxako geltoki berriak ke proba gainditu zuela; eta, beraz, segurtasun neurri guztiak betetzen zituela: «Probak egiten aritu dira suhiltzaileak, eta aurrekoan zituen akatsak egoki konpondu direla ebatzi dute».
Hala, otsailaren 5ean egin zuten inaugurazio ofiziala, eta herritarrek tarte bat izan zuten geltokiko guneak bertatik bertara ezagutzeko. Lehenengo autobusak, berriz, hurrengo egunean –otsailaren 6an– abiatu ziren geltoki berritik.
Hilabete igaro ondoren, Irutxuloko Hitza bertara joan zen, erabiltzaileen iritziak biltzeko asmoz. Une horretan jada bidaiarien mugimendua nabaria zen Atotxa inguruan. Orokorrean, pozik daude herritarrak geltoki berriarekin, «bereziki Amarako geltoki zaharrarekin alderatzen badugu». Halere, zenbait hutsune daudela adierazi zuten: itxaroteko eserleku falta eta geltokia beraren espazio murritza, besteak beste.
Desadostasunak
Horrekin lotuta, urtean zehar, izan dira autobus geltoki berriarekin desadostasunak izan dituzten elkarte eta eragileak. Esate baterako, Kalapie elkarteak haserrea adierazi zuen geltokiak bizikletentzako aparkalekurik ez zuelako. Egoera horren aurrean, Mugikortasun zinegotzi Pilar Aranak errespetatu zuen euren kezka, baina lasaitasunerako deia egin zuen, zerbitzu guztiak abian jartzeko lanean ari zirela argudiatuz: «Autobus geltokiak bizikletentzako zerbitzu egokiak izango ditu». Oraindik, ordea, ez daude erabilgarri.
Bestalde, Elkartuk –Gipuzkoako Ezintasun Fisikoa duten Pertsonen Koordinakundeak– zalantzan jarri zuen autobus geltokiaren irisgarritasuna. «Proiektua hasieran ez zen batere irisgarria; autobusen aparkaleku batzuk bakarrik zeuden bermatuta. Zertxobait aldatu zuten arren, gure ustez, aparkaleku guztiak izan behar dira irisgarriak, eta horregatik aurkeztu genuen errekurtso bat. Oraindik erabakiaren zain gaude», azaldu zuen Elkartuko kide Mikel Malkorrak.
Azkenik, Egiako bizilagunak ere minduta sentitu ziren, «bigarren mailako herritar» gisa hartzen zituztelako: «Tabakalera amaituta dago, autobus geltokia ere, baina pasabideko lanak –erdian geratzen direnak– amaitu gabe daude oraindik. Egun, pasabidea egokituta eta burdinbidetik filtratzen zen uraren arazoa konponduta dago.
Horretaz gain, Lurraldebus eta Dbuseko autobusen zerbitzua egokitu dute geltoki berrira –adibidez, 45. linea berria jarri dute–, eta geltokian bertan turismo bulego bat ireki dute.
Altza eta Loiolako geltokiak
Altzatarrek Euskotreneko geltoki berria dute, irailaren 12tik. Ordura arte, Herreran zuten geltoki gertukoena, eta orain, garraiorako aukera berri bat zabaldu zaie goikaldeko bizilagunei.
Printzipioz, 14.000 herritarri begira zabaldu zuten zerbitzua, eta 15 minuturo Altza Erdialdearekin lotzen du. Geltokirako sartu-irteerak egiteko, hiru aukera dituzte: eskailerak, anbulatorioaren ondoan eta Santa Barbaran; eta igogailua, Altza pasealekuan. Bestalde, Altza-Galtzaraborda adarraren proiektua aurreikusia dago udaleko aurrekontuetan.
Loiolako tren geltoki berriko lanak nahiko aurreratuta daude jada. Horiek amaitu zain daude, gainera, inguru guztia birmoldatzeko. Oinezkoei lehentasuna eman eta Loiolako etorbidea bulebarizatzea da asmoa.
Bide horretan beste pauso bat eman zuten azaroan. Udalak eta Eusko Trenbide Sareak hitzarmen bat sinatu zuten geltoki berriaren inguruko lanak egin ahal izateko. Behin Loiolako zubibide berria amaituta, trenbidea zegoen espazioa hutsik geldituko da. Gune hori udalaren esku utziko du Eusko Trenbide Sareak, eta honek 1,1 milioi euroko inbertsioa egingo du bertan gune berri bat sortzeko.