Europako Kultur Hiriburutzaren urtea izan da 2016a Donostian. Guztira, 3.193 jarduera egin dituzte, eguneko zortzi; horietako batzuk jarraipena izango duten aztertzen ari dira.
Agur festa egin dute Tabakaleran. (Argazkia: Donostia 2016)
Aurretik bestelako jarduera batzuk egin zituzten arren, urtarrilaren 20an hasi eta, bost egunez, ekitaldi andana antolatu zuten Hiriburutzaren urtea abian jartzeko. Elkarbizitzarako zubia izenekoa izan zen hasiera batean interes gehien piztu zuen ikuskizuna. Urumea ibaiaren bi ertzetara, Maria Kristina zubiaren bueltan egin zuten inaugurazio ekitaldia, Hansel Cerezaren eskutik. Hala ere, ez zituen herritar, antolatzaile eta erakundeetako arduradun gehienen aurreikuspenak bete.
Hasiera gazi-gozoa izan bazen ere, fundazioa pozik dago urtearekin, aurrekontu erdiarekin gehiago eskaini dutelako. Izan ere, hasierako 89 milioi euroko aurrekontua 46,8 milioi eurora murriztu zuten, eta 66 proiekturen ordez, 98 egin dituzte. Hala, guztira, 3.193 jarduera utzi ditu 2016. urteak, eguneko zortzi, eta horietako askok harrera ona izan dute. Ondorengoak nabarmendu dituzte antolakuntzatik:
Time Machine Soup, Stop War jaialdia, Zubideak, Uda gau bateko ametsa, Kalebegiak, Tratos, Gabon, Txirrita eta
2016 bidea.
Uda gau bateko ametsa, esaterako, William Shakespearen izen bereko obraren antzezpena izan zen, eta 30 emanaldi egin zituzten Egiako parkean. Bada, 7.250 lagunek hartu zuten parte, eta, batez beste, 9,25ko nota jaso zuen ikuskizunak herritarren aldetik.
Proiektu mamitsuak
Elkarbizitzaren batera, parte hartzea izan da Kultur Hiriburutzaren bandera. Horixe landu du Donostiapedia egitasmoak. Izan ere, auzolanean, hiriari buruz idatzitako liburua da; Wikipedian Donostiaren inguruko informazioa osatu dute.
Urteko azkeneko proiektuak ere mamitsuak izan dira, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa, kasu. Liburuak 185 neurri zehatz jaso ditu, eta hizkuntz aniztasuna babestea du helburu.
Donostia 2016 eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua izan dira protokoloaren bultzatzaileak. Oinarri izan du Bartzelonan 1996an onartutako adierazpena.
Erreakzioak piztu ditu
Hala ere, Hiriburutzaren ideiarekin bat ez zetozen herritar, eragile eta elkarteak ere egon dira. Esate baterako, Kortxoenea gaztetxearen aferaren harira, Zemoria kaleko eraikina hartzeko aukera mahai gainean jarri zuten gaztetxeko kideek. Hiriko eragile kultural, sozial eta herritarren tokia izateko proposamena aurkeztu zioten udal gobernuari. Baina udalaren borondate falta salatu zuten, eta Zemoria kaleko eraikinean bertan ekintza bat egin zuten, Kapital asko, kultura gutxi leloa zeraman pankarta zabalduta.
Amaitzen ari da 2016a, eta horren isla da duela astebete udaletxean egin zuten ekitaldia. Hain justu, hurrengo kultur hiriburuei –Danimarkako Aarhus eta Zipreko Pafos hiriei– lekukoa pasa die Donostiak.
Bestalde, urte osoan gertatutakoa irudikatzeko DSS2016EU, Bitakora kaierak erakusketa ireki dute Tabakaleran. Hiriburutzaren errepasoa egin dute, hainbat aditu, artista eta protagonistei egindako elkarrizketen bitartez. Erakusketan, gainera, legatua islatzen duen txoko bat dago. Urtarrilaren 22a arte izango da zabalik.
Legatua
Hain zuzen ere, legatua izan da azken asteotako giltza hitza. Datorren ekitaldirako aurrekontua onartu du jada Fundazioak: 1.865.802 euro. Kultur programa burutzeko, proiektuaren ebaluazioa betetzeko, eta, bereziki, Hiriburutzaren legatua etorkizunean garatuko duten hiriko eta lurraldeko kultur erakundeei programak eta ezagutzak transferitzeko erabiliko dute. Ekitaldiei dagokienez, batzuen jarraipena aztertzen ari da patronatua.
Jarraipena izango du
Hala, Fundazioak prozesu bat jarriko du abian hiriko eta lurraldeko legatudunen eskuetara informazioa eta dokumentazioa zuzen irits dadin. Gainera, Donostia 2016 Fundazioak Hiriburutza prozesu osoaren inpaktua eta ebaluazioa egingo du, Donostiako Sustapenarekin elkarlanean, eta udaberrian emango du ezagutzera.
2017ko lehen asteetan zehar, kultur programak jarraipena izango du, eta hainbat jarduera aurreikusi dituzte: adibidez, Bake-itunak erakusketaren barruan Jose Maria Serti buruzko monografiko bat estreinatuko dute.