Garberaren proiektuaren irudi bat. (Argazkia: Donostiako Udala)
Otsaila erdialdean, Donostiako Udalak eta Garberak merkataritza gunea handitzeko hitzarmena onartu zuten. Hala, saltoki gunea 25.000 metro koadroan handitzea da xedea. Eneko Goia alkateak eta Ernesto Gasco alkateorde eta Merkataritza zinegotziak eman zuten erabakiaren berri, eta pozik agertu ziren hitzarmenarekin.
Izan ere, udal ordezkarien esanetan, merkataritzak pisu handia du hirian, eta Donostia erosketa leku gisa erreferente bihurtu da. Baina, era berean, Baiona eta Nafarroako merkataritza eskaintzak lehia handia egin dezakeela uste dute. Horregatik erabaki dute Garbera handitzea eta bertako eskaintza zabaltzea.
Gainera, handitzeak hiriko saltoki txikien garapenarekin bateragarria dela esan zuen Goiak. Hain justu, hitzarmenak 400.000 euroko ekarpena aurreikusten du, batez ere, Garbera inguruan –Altzan eta Intxaurrondon– dauden saltokiei laguntzeko.
Espainiako Auzitegi Gorenak irailean emandako epai batek jarri zuen abiapuntua gai honetan. Hain zuzen ere, auzitegiak bertan behera utzi zuen Lurralde Arloko Plana, merkataritza arautzen duena. Hala, azalera handiko merkataritza guneak ireki edo daudenak zabaltzeko bidea ireki zuen; Garbera, kasu.
EH Bilduko kideen ustez, aurreko legedia –azalera mugatzen zuena– zen egokiena, eta horra bueltatzeko ahalegina egin zuten. Horregatik aurkeztu zuten legezbesteko proposamena, eta jaurlaritzaren babesa lortzen saiatu ziren, udala eta Garberaren arteko akordioa bertan behera utzi ahal izateko.
Uztailean, ordea, Garberako hirigintza proiektuaren eremua aldatzea onartu zuten. Hala, Tokiko Gobernu Batzordeak erabaki zuen Gipuzkoako Merkataritza Federazioak hitzarmenari egindako alegazioak ez onartzea, eta EH Bilduk aurkeztutako berraztertzeko helegitea atzera botatzea.
Hortaz, uztaileko udalbatzarrean, EAJ, PSE-EE eta PPren botoekin, Garbera zabaltzeko planari hasierako onarpena eman zioten. EH Bilduk eta Irabazi Donostiak aurka bozkatu zuten. Udal gobernuak merkataritza gune handien aldeko apustua egitea kritikatu zuten, saltoki txikien kaltetan. Udal gobernuak lehiakortasuna handitu nahi dutela defendatu zuen, eta Garbera zabaltzeak 500 bat lanpostu sortuko dituela nabarmendu zuen.