Metro igarobidearen inguruko herri galdeketa egiteko lanean jarraituko dute
Lehengo urteko maiatzean, justu udal hauteskundeak iritsi baino lau egun lehenago, informazio publikora atera zuen proiektua Eusko Jaurlaritzak. Urte berean sortu zen Satorralaia, metroaren aurkako bizilagunen mugimendua. Proiektua informazio publikora atera eta, hilabete zegoen alegazioak jartzeko, hori dela eta, ekainean bilera informatibo bat egin zuten bizilagunek; hor eratu zen, hain zuzen ere, metroaren aurkako mugimendua.
Iazko abenduan egin zuten lehenengo mobilizazioa; aurten, plataformaren xedea informatzea izan da: bilera informatiboak, kalean mahaiak jarri eta posta bidez etxeetan informazioa zabaldu, besteak beste.
Informazioa, mobilizazioak eta, azkenik, parte hartzea aldarrikatu nahi izan dituzte aurten. Horretarako uztailaren 13an 8.916 sinadura aurkeztu zituzten Gipuzkoako Foru Aldundian. Parte hartze prozesua abian jarri ahal izateko egin zuten sinadura bilketa. Hortik abiatuta herri galdeketa egiteko zein aukera zeuden aztertzeko eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari, baina ez zuten inoiz haren erantzunik jaso. Donostiako Udaletxera jo zuten ondoren, baina Eneko Goia alkateak esan zien udala “ikusle hutsa zela”. Dena den, mugimenduko kideek salatu zuten ez dela horrela eta udalak hainbat eskumen dituela metroaren obretan. Udalaren aldetik herri galdeketa egitea ezinezkoa zela ikusita, Gipuzkoako Foru Aldundira jo zuten, baina hemen ere zorterik ez. Mugimenduko kideek ez dute aldundiaren erantzuna ulertu eta ea zeren beldur diren galdetu diote.
Hainbat bide batera urratzen ari da metroaren aurkako mugimendua. Herri galdeketa egiteko eskaria egin bitartean, metro igarobidearen inguruko hainbat alegazio jarri zituen Gipuzkoako Itsasertzeko Ordezkaritzan. Izan ere, metroaren igarobidea eraikitzeko Kontxako lurrak erabili ahal izateko eskaria atzera botatzeko eskatu zuen.
Satorralaiako kideak metroaren proiektu guztiaren aurka dauden arren, euren esku dauden bide guztiak urratu nahi dituzte, kaltea ahalik eta txikiena izan dadin eta gerta litezkeen irregulartasunak azaleratu daitezen.
Aurrera begira hiru ate jo nahi dituzte: Eusko Jaurlaritza, Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Ez dute herri galdeketa egiterik lortu, baina ez daude etsitzeko prest. Informatzen, mobilizatzen eta parte hartze prozesu baten alde borrokan jarraituko dutela azaldu dute.


