Arrokako frontoia bizilagun guztiena dela aldarrikatu dute
Amaran azaro hasieran hasi zen bizilagunen mugimendua. Izan ere, Arroka kaleko frontoia botatzeko asmoa zutela jakin zuten. Hainbat protesten ostean, Eneko Goia alkateak jakinarazi du partehartze prozesu bat egingo duela, frontoiarekin zer egin erabakitzeko. Hala ere, oraindik ez dago argi zer gertatuko den, eta Amarakoak ez daude geldik egoteko prest. Gainera, Amara Bai auzo elkartean beldur dira ea soilik frontoiaren ondoko hiru atarietako bizilagunen iritzia hartuko dute kontuan. Pilotalekua
Amarako bizilagun guztiena dela diote, eta denek erabaki behar dutela uste dute.
Auzoan sortutako plataformaren iritzia argi zabaldu dute: “Espazio honen balio historiko eta kulturala izugarria da. Amararen jatorria hemen dago. Donostiako monumentu historiko kultural bat da”. Auzoko hainbat belaunaldirentzat espazio garrantzitsua izan dela nabarmendu dute: “Eraiki zutenetik hainbat bizilagunek erabili dute, eta, beraz, ez du zentzurik frontoia eraistea. Hemen jendea biltzen da eta jolasteko espazio bat ere bada. Ez da bakarrik pilotan jokatzeko frontoi bat, askoz gehiago da”.
San Bartolome hirigintza planaren ondorioz, auzoa azkar aldatzen ari da, eta horren barnean dago frontoiaren eraistea. Orain arte, hainbat eraikin bota dituzte etxe berriak egiteko, eta Amara Bai auzo elkartearen arabera, pilotalekua botatzea ez zegoen aurreikusita. Kontua da, irailean aldaketa batzuk egin zituztela plangintzan: “Udalak plana aldatu zuen eta guk ez dugu informaziorik jaso”, adierazi du Amara Baiko Arkaitz Aranburuk.
Informaziorik jaso ez izanagatik, oso haserre agertu zen Aranburu: “Adarra jo digute, lotsagarria da”. Azken batean, auzoan espazio publiko gutxi dituztela salatzen dute, eta, gainera, hirian frontoi gutxi daudela. Horregatik Amara Bai auzo elkarteak gune publikoak defendatzeko hautua egin du.
Frontoiaren aferari jarraipena emateko, talde bat sortu zuten, eta hainbat jarduera antolatu dituzte jada. Kaxilda liburu denda bertan dago, eta horiek ere oso haserre daude kontuarekin, udalari auzotarren artean gatazka piztea egotzi zioten, eta bizilagunen plataformarekin bat egin zuten, baita Haziak dendakoak ere: “Ez dute sikiera proposatu frontoia berritzea. Utzita dago, eta ematen du gure ardura dela txukun mantentzea. Egin behar dutena da frontoia berritzea. Auzoaren sinbolo bat da, eta oso bizirik dago espazio hau”.
Sinadura bilketa egin dute, eta azaroaren 20an, frontoiaren aldeko jaialdia egin zuten, bertso pilota saioarekin. Gainera, Oihana Santolaria arkitektoak diseinatutako proiektua aurkeztu dute bizilagunek: “Betiko auzoa gune berrituarekin lotuko duena”.


