Zalantzarik gabe, Donostiako kirolean, emakumezkoak izan dira aurten albiste esanguratsuenak sortu dituztenak; badirudi, pixkanaka, lehen lerrora hurbiltzen ari direla, ongi merezita.
Donostia Arraun Lagunaken traineruko arraunlariak, Kontxako Banderan. (Argazkia: Malen Aldalur)
Emakumeen eskutik iritsi da kiroletako albiste nagusia 2016an. Lehen aldiz, emakumezkoen zortzi traineruk parte hartu dute Kontxako Banderan, Donostia Kulturaren oinarriek hala erabakita. Horrela, gizonezkoen talde kopuruarekin berdindu da lehia. Zehazki, 2008tik, emakumezkoen lau traineruk izan zuten Kontxan parte hartzeko aukera, 2015 arte. Emakumeen IX. Kontxako Bandera, beraz, gogoan gordetzeko horietako bat izango da; gainera, lehen aldiz, Donostiako ontzi batek parte hartu du lehian, zuzeneko txartelarekin: Donostia Arraun Lagunakek bete zuen hiriko ordezkaritza.
Traineru zuriak ez zuen esperotako maila eman lehen igandean, eta zortzigarren postuan bukatu zuen (11:24,02). Urduritasunak gaindituta, bigarren jardunaldian, bosgarren postura jauzi egin zuen (11:24,02), eta sailkapen nagusiko seigarren lekuan geratu zen, 22 minutu eta 47 segundoko denborarekin.
Bandera San Juango batelariek eskuratu zuten, baina, zalantzarik gabe, parekidetasuna izan zen garailea, iraileko lehenengo bi igandeetan. Oraindik ere, ordea, badago alde nabarmen bat bi sexuetako partaideen artean. Sariei dagokienez, Kontxako gizonezkoen talde irabazleak 24.000 euro jasotzen ditu, eta, emakumeenak, aldiz, horren erdia, 12.000 euro.
Hala ere, emakumeen partaidetza zabaltzeak ilusioa piztu du gizartean, eta gero eta gehiago dira pixkanaka sortzen ari diren emakumeen traineruak. Horrela, ikusteko dago zenbat izango diren 2017ko sailkatze estropadan parte hartuko duten emakumeen traineruak; baina, ziur aski, inoizko partaidetzarik handiena izango du.
Agur, Pinedo eta Ziarsolo
Badirudi erraza bihurtzen ari dela Bera Bera Eskubaloiarentzat garaipenak biltzea, baina ederki izerdituta lortzen dira garaikurrak, noski. Kopa irabazi zuen, XXXVII. ekitaldian, Porriñon (Galizia), apirilean. Euskal derbia izan zen finala, Barakaldoko Zuazoren aurka jokatu baitzuen Montse Pucheren taldeak. Horrela, bosgarren aldiz lortu zuen Kopa Bera Berak.
Gainera, laugarrenez jarraian irabazi zuen Ohorezko Mailako liga, maiatzean. Alcobendasen aurka jokatu zuen azken partida. Matxalen Ziarsolo, Bea Fernandez eta Tania Yañezen agurreko partida izan zen, eta merezitako omenaldia jaso zuten hirurek. Ziarsolo 18 urterekin iritsi zen Donostiako taldera, eta hamasei denboraldi bete ditu bertan. Gainera, azken urteetan taldeko kapitaina izan da Ermuakoa.
Hamasei urte dira, hain zuzen, eskubaloiaren goi mailan egin dituenak Eli Pinedok. Bera Beran egin ditu urte gehienak, eta Espainiako selekzioko jokalari garrantzitsuenetako bat ere izan da. Aurten, Rioko Olinpiar Jokoak jokatu ostean, 35 urterekin, profesionalki kirola uztea erabaki du Amurriokoak, eta hala jakinarazi zuen abuztu bukaeran. Bera Berak omenaldia egin zion irailean, omenaldi eta eskertza gisa.
Chourraut, txapeldun
Olinpiar txapelduna da Lasarte-Oriako Maialen Chourraut, abuztutik. Euskal Herriak bakarka eman duen bigarren olinpiar txapelduna , hain zuen — Miguel Indurain izan zen lehena, 1996an—. Donostiako Atletiko klubean hasi zen piraguismoan, 12 urte zituenean, eta, noski, harrera beroa egin zioten klubeko kideek, etxera itzuli zenean. Kontxan elkartu ziren, elkartearen egoitzaren ondoan, eta hunkituta azaldu zen jasotzen ari zen babesa zela eta.
Errugbian ere bai
Bera Berak emakumeen errugbi taldea osatu du. Lalo Alonsok hartu du taldearen ardura: «Konturatu ginen alde batera utziak genituela emakumeak, eta ezin genuen horrela jarraitu». Alonsoren ondoan, Lorena Revuelta prestatzaile fisiko lana egiten ari da; jokalaria da eta kluba ongi ezagutzen du. Taldea osatzeko deia egin zuten, ahoz aho eta sare sozialen bidez;?horrela, multzoa osatu eta hutsetik lanean hasi ziren irailean.
Duela hamabi urte inguru izan zuen emakumeen taldea Bera Berak, baina lau denboraldi inguruz aritu eta desagertu egin zen. Gerora izan ditu neska batzuk klubak, hamasei urte izan arte mutilekin nahastuta jokatu dezaketelako. Orain, ordea, errazagoa izango dute erakartzea, goiko erreferentzia izango baitute. Puioko zelaian entrenatzen du taldeak, eta, noski, interesa duen edonor jasotzeko prest daude.
Bere aldetik, Donostiako Atletikok urrian zabaldu zuen deia, emakumezkoen errugi 7 taldea sortzeko asmoarekin, eta, momentuz, sei neskako taldea ari da entrenatzen.
Olatu artean
Duela urte batzuk hausnartzen hasi zen Lo Eizagirre-Erguin surflari eta Gipuzkoako Surf Federazioko idazkaria. Euskal Herrian surfean aritzen ziren emakumeen baldintzak ez zirela egokiak konturatu zen; tartean, diru sariak eta hainbat zirkuitu. Baldintza berak ezartzeko eskaera egiten zutenean, ez zegoela emakume nahikorik erantzun zioten. Horregatik sortu zuen Emakumea Surflari. Oinarrian, 18 urtetik gorako emakumeei zuzendutako ikastaro batzuk dira. Iaz hasi zituzten, Zarautzen; eta, 2016an, Zurriolan ere eman dituzte, arrakasta handiarekin.
Laster, urrats bat gehiago egingo dute, eta bodyboard ikastaroak ere eskainiko dituzte.