Protesta egin zuten Mirakruzeko eraikinean, ekainean. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Groseko Mirakruz 19 erakina botako dutela eta, hainbat auzotar mobilizatu dira auzoan. Bi talde sortu ziren kasua aztertzeko: Sos Mirakruz 19 eta Groseko Etxebizitzaren Aldeko Taldea. Biek udala sustatzen ari den «adreilu kultura» eta hiri eredua kritikatatu dute.
Eraikin historikoa da, Mirakruz kalekoa; auzoko zaharrena eta ezagunenetakoa da –1888. urtean eraiki zuten–. Urte hasieran zabaldu zen eraikinaren salmentaren inguruko zurrumurrua, eta iskanbila sortu zuen. Bertako bizilagunek maiatzerako euren etxebizitzak utzi zituzten, alokairuan bizi ziren guztiak.
Hiriko ondarea babesteko Ancora elkarteak 5.000 sinadura bildu zituen segituan, eraikina babesteko. Bere garaian, babestutako eraikinen zerrendan zegoen, baina udalak kendu egin zuen. Hiriko hainbat eraikin historiko hiriko higiezinen negozioaren biktima bihurtzen ari zirela salatu zuen.
Tartean, hilabeteotan, hainbat gorabehera egon dira. Esaterako, hainbat bizilagunek agerraldiak egin dituzte eraikinaren alde. Azkenean, eraikinaren dorrea mantentzea hitzartu zuten udalak, promotoreak eta eraikina eraistearen aurkako mugimenduak, abuztuan; hala ere, Sos Mirakruz 19 taldeak gehiago nahi du, eta prentsaurrekoa eman zuen azaroan. Bertan, suntsiketaren aurkako demanda berri bat onartu zela zioten, uztailekoa baino sakonagoa.
Gainera, eraikina desagertzearen arriskuaren aurrean, 7.000 sinadura jaso dituztela, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko, Donostiako Udaleko, Eusko Jaurlaritzako eta Arartekotzako arduradunekin bildu direla adierazi zuten. Izan ere, agintariek egin nahi duten proiektu berriak ekarriko luke eraikin osoaren suntsiketa. Plataformako kideen esanetan, ordea, jabearen interesen gainetik daude hiritarren interes orokorrak. Hala ere, eraikinean eskuartu nahi duen enpresak ez duela negoziatzeko inolako asmorik erakutsi adierazi zuten.
Etxebizitzaren aldeko taldeak salatu du Mirakruz 19koa espekulazio ariketa izan dela, eta auzo eredua dagoela jokoan. Ondareaz harago, etxebizitza botatzeak ekartzen duen higiezinen espekulazioan sakondu dute:?«Etxebizitzen prezioa igotzea dakar, eta azkenean, Grosekoak garenok auzotik alde egin beharko dugu».