"Ni alkate banintz, 2017a kultur plan bat lantzeko erabiliko nuke"
DSS2016ri buruzko ale berezian hiriburutza barnetik kontatu du Xabi Payak.
Urtea joan da, eta albiste nabarmenenak biltzeko garaian nahitaez agertu da kultur hiriburutza. DSS2016k utzi duenaren inguruko ale berezi bat argitaratuko du Irutxuloko Hitzak ostiralean.
Beste askoren artean, Xabi Paya kultur programaren arduradunak eman du bere iritzia. Kultur hiriburutza proiektu politiko bat izan dela nabarmendu du Payak, eta horrek eragina izan duela, batez ere, egituran eta antolaketan.
Hasierako proiektuan aurreikusitako aurrekontuaren erdiarekin garatu dute kultur programa; 3.000 jardueratik gora egin dituzte, eta horietatik %30 izan da soilik hasierako programak jasotzen zuena.
Donostiak ez du kultur hiriburutza museo edo bestelako azpiegitura handirik egiteko baliatu. Payaren ustez jendea da hiriburutzak utziko duen ondarerik aberatsena. “Kulturgintzan aurrera egiteko makineria martxan” utzi dutela dio, baina orain Patronatuari, hau da, politikariei dagokie zein proiektuk izango duen jarraipena eta zeintzuk ez erabakitzea. Dena dela, erabakia argi ikusten du Payak: “Ni alkate banintz, 2017a kultur plan bat lantzeko erabiliko nuke”.
Ostiraleko ale berezian irakur dezakezue Xabi Payaren elkarrizketa osoa.


