Urtarrilaren 7tik 14ra bitarte ospatuko da 10. Dock of the Bay Zinemaldia, musika dokumentalaren jaialdia.
The Rolling Stones taldea ‘Ole Ole Ole’ dokumentalean.
Gogobiziz eutsi dio urte berriari
Dock of the Bay Donostiako Musika Dokumentalaren Zinemaldiak. Izan ere, aurtengoa 10. edizioa izango du, eta, horregatik jarduera ezberdinez osaturiko egitarau berezia antolatu dute urtarrilaren 7tik 14ra bitarte. Hala, nazioarteko zein Euskal Herriko musikaren munduan murgilduko da hiria, besteak beste,
The Rolling Stones taldea edo
Leonard Cohen abeslaria gertutik ezagutzeko aukera izango du musika eta zinezalea.
20tik gora musika dokumental eskainiko ditu aurtengo jaialdiak; horietatik 8 izango dira 2017ko lehiaketan parte hartuko dutenak. Jatorri ezberdinetakoak dira guztiak, musika estilo ezberdinak jorratzen dituztenak. Horien artean dago, esaterako, Euskal Herriko
Sound of roots lana. Euskadi Tropikal kontzeptutik abiatuz, 80. hamarralditik hona Euskal Herriko skaren eta reggaearen historia aztertzen du dokumentalak.
Lehiaketatik at, ordea, bi atal antolatu ditu zinemaldiak. Batetik, Perfect Day sailak, nazioartean berriki egindako musika dokumentalak eskaintzen ditu, hala nola
The Rolling Stones,
Blur eta
Thor taldeak sakontasunean ezagutzeko aukera eskaintzen dute ikus-entzunezkoek. Bestetik, Paint in Black atalak atzera begirako dokumental klasikoak eskaintzen ditu. Antolatzaileek azaldu legez, sail hori izango da aurtengo berrikuntza nagusienetakoa. Bertan, besteak beste, iragan udazkenean hil zen
Leonard Cohenen bizitza gertutik ezagutzeko parada izango du ikusleak,
Bird On A Wire dokumentalaren eskutik.
Astean zehar Trueba Zinema aretoan egongo dira ikusgai jaialdiko filmak, eta asteburuetan, berriz, Antzoki Zaharrean. Lehiaketako sariak urtarrilaren 14an banatuko dira, Antzoki Zaharrean, gaueko 22:30ean. Zinema emanaldietarako sarrerak 7 euroan daude salgai.
Musikaren doinuan, hamaika jarduera
Aurreko edizioetan hasitako bidean aurrera eginez, zinema dokumental musikala ikuspuntu ezberdinetatik aztertzeko mintegia izango da urtarrilaren 12an, Koldo Mitxelena Kulturunean. Aurtengoan, zinema dokumental musikalaren narratiba izango da ardatz nagusia, eta zinemarekin eta ikus-entzunezkoen munduan jantziak diren zuzendariek, teorikoek zein kritikoek hartuko dute parte. Eusal Herriko Unibertsitateko irakasle
Fernando Golvan izango da Egiazkoaren Narratibak mintegiko gidaria.
Jaialdiak irauten duen bitartean, hainbat kontzertu izango dira Donostiako txoko ezberdinetan. Urtarrilaren 7an, esaterako,
We Love Dolce Vita DJ-a ariko da Le Bukowski musika klubean, aurtengo edizioari hasiera emateko. Urtarrilaren 12an, berriz,
Joseba Irazoki musikariak zuzenekoa eskainiko du Kutxa Kultur Kluba Aretoan, 20:30ean. Saioan, Michelangelo Frammartinoren
Le Quattro Volte film italiarraren soinu banda interpretatuko du. Urtarrilaren 13an eta 14an, Dabadaba aretora egingo du jauzi jaialdiak. Ostiralean, adibidez,
The Class Karaokea eta
Psycho Beat DJ arituko dira, eta sarrera 8 euroan egongo da salgai. Larunbatean, berriz, Christian Löffer Liveen txanda izango da. Azken honek emango dio amaiera aurtengo musika dokumentalaren zinemaldiari. Sarrera, aldez aurretik erosiz gero, 10/12 euroan egongo da salgai; bertan, 15 euroan.