Amarako zubibideko pantailak otsaila hasieran egongo dira prest
Zarata eta suizidioak saihesteko asmoz jarriko dituzte.
IRUTXULOKO HITZAk iazko urrian hitz egin zuen Morlanstarrak auzo elkartearekin, eta euren kezketako bat zen Amarako zubibidea babestea. Izan ere, trafikoaren ondorioz, zarata handia sortzen dela adierazi zuten, eta baita ezbeharrak izan ere, suizidioengatik. “Zarata eta suizidioen aurkako pantaila batzuk jartzeko eskatu dugu. 2016ko udan, adibidez, hiru pertsonak euren buruaz beste egin zuten, zubibidetik botata; eta, 2015ean, hamar lagun baino gehiago hil ziren. Gainera, ibilgailu ugari pasatzen dira bertatik, eta hurbilen bizi diren bizilagunentzako arazo larria da hori. Gainera, zarata mapa berritu dutenean, Morlans eta Amara zarata handiko gune bezala aitortu dituzte. Karlos I.aren aldaketarekin suposatzen zen ibilgailuak Urumeatik joango zirela, eta Amarako zubibidea ez zutela ia erabiliko. Baina oraindik trafiko handia dago hemen”.
Proiektua eta aurrekontua onartuta, lanekin hastea falta zela esan zuten. Bada, hasi dituzte, eta hilabete barru itxura berria izango du zubibideak.
Amara eta Antigua lotzen dituen zubibidean lanean ari direla ikusi daiteke jada. Hain zuzen ere, zarata eta, bereziki, suizidioak saihesteko pantaila batzuk jartzeko asmoa du udalak. Oraingoz, baranda bera eta ingurua margotzen hasi dira, ondoren pantailak behar bezala jarri ahal izateko. Guztira, 124 metroko luzera hartuko dute pantailek (alde batean zein bestean) eta 153.000 euroko aurrekontua erabiliko dute lan honetarako. Otsailaren 6rako obra amaituta egongo dela aurreikusi dute.