Uliako Gimnastikarentzako berezia da aurtengo ekitaldia; izan ere, ehun urte betetzen ditu fundazioak.
Erregetako Krosa aurkeztu dute. (Argazkia: Lide Ferreira)
87. aldiz egingo dute Erregetako Krosa igandean, urtarrilaren 8an. Aurtengo ekitaldia, berezia izango da oso, Uliako Gimnastikak –lasterketako antolatzaileak– ehun urte betetzen dituelako. 10 kilometroko lasterketan, puntako atletek parte hartzeaz gain, adin guztietako herritarrek ere bat egingo dute, 7. karrera herrikoiari esker.
Izena eman nahi duenak Kirol Probak atarian egin dezake. Dortsalak urtarrilaren 7an, larunbata, banatuko dituzte, 11:00etatik 20:00etara, Groseko Trueba kaleko 12. zenbakian.
Ordutegiei dagokienez, 10:30ean kimu eta haurren (2001-2004) proba jokatuko da ibilbide txikiari buelta bat emanda (1.850 m). 11:00etan, Kadete saileko (1998-2001) proba jokatuko da ibilbide txikiari buelta bat emanez (1.850 m) eta beste buelta bat ibilbide ertainari (2.560 m); guztira, 4.410 m. 11:30ean, gaztetxoen saileko (1996-1997) proba jokatuko da ibilbide txikiari buelta bat emanez (1.850 m) eta beste buelta bat ibilbide ertainari (2.560 m) guztira 4.410 m.
12:00tan Senior elite eta korrikalari herrikoien saileko proba jokatuko da ibilbide handiari bi buelta emanda (10.000 m).