GuraSOSek dossier bat aurkeztu du erraustegiaren auziko "irregulartasunak" azaleratzeko
Pasa den abenduaren 27an, espero zenaren kontra, epaitegiak ez zuen erabakirik hartu Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketaren (GHK) bileraren aurretik, eta hark lanak adjudikatu zituen. Izan ere, Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako 3. Epaitegiak erabaki behar zuen Zubietako planta eraikitzeko lanen adjudikazio prozesua geldiarazi edo ez. Bada, sortutako egoeraren eta erraustegiaren bideragarritasun legal eta ekonomikoaren “premiazko” azterketa bat egin du GuraSOSek. Joxe Mari Izeta elkarteko lehendakariak eta Joseba Belaustegi GuraSOSeko kide eta abokatuak gaur bertan aurkeztu dute komunikabideen aurrean, eta dossierra eragile zein herritarren artean banatzeko asmoa du. Ostiralean erreportaje zabala eta GuraSOSen balorazioa argitaratuko du IRUTXULOKO HITZAk, Izetarekin hitz egin baitu.
Izetak azaldu duenez, txostenaren ondorio nagusia da erraustegiaren proiektua “bideraezina” dela eta ez dela gauzatuko. Ikerketa horren harira, bi albiste nagusi eman dituzte. Alde batetik, abenduaren 27an ez zela adjudikaziorik egin esan dute: “Aurretiazko beste izapide bat da joan den astean egindakoa, eta lizitazioaren sailkapenean lehenbiziko postuan dagoen enpresak oraindik agiriak aurkeztu beharko lituzke. Atzo goizean GuraSOS GHKren egoitzara joan zen, eta konprobatu zuen adjudikazioaren dekretua ez dela jaulki”.