Hondakinen bilketa pilotua egingo dute Intxaurrondon. (Argazkia: Malen Aldalur)
Tamaina handiko altzari eta gainerako objektu pisutsuak jasotzeko bilketa pilotua abiarazi nahi dute Intxaurrondon. Eneko Goia alkateak azaldu du gaur egun dagoen sistemak arazoak sortzen dituela eta bilketa mota honen inguruko kezka dagoela hirian: “Egun eta ordutegi jakina dago mota honetako zaborra biltzeko, baina ezagutza faltagatik edo beste arrazoi batzuengatik jendeak ez ditu errespetatzen”. Ondorioz, horrelako hondakin asko kalean botata geratzen direla uste du Goiak.
Arazoari aurre egiteko asmoz, Intxaurrondon bilketa sistema pilotua abiarazteko enkargua enpresa bati esleitzea adostu dute.
Horretarako, 150.000 euroko aurrekontua erabiliko da.
Sistema berriaren oinarria, herritarrak dei baten bidez jasotzeko duten materialaren berri eman eta hitzordua adostea litzateke.
Intxaurrondon ondo funtzionatzen badu, hiriko gainerako lekuetara zabaltzeko asmoa dutela azaldu du alkateak.