Beharra zuenari oparia emateko sortu ziren
Elkartasunaren izarrari jarraituz iritsi ziren Donostiara Errege Magoen lehen desfileak, 1929an. Garai hartan, oparirik jasotzeko aukerarik ez zuten haurren artean ilusioa eta zoriontasuna zabaltzea izan zuten xede.
Azkar esnatu dira gaur etxeko txikienak; akaso, azkarregi. Gabonetako bigarren gau magikoaren biharamuna da, eta jakin badakite opari bat izango dutela zain oinetakoaren azpian. Urtero legez, Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek atzoko desfilean emandako hitza bete dute, eta irribarre zoriontsuak marraztu dituzte hiriko haurren aurpegietan.
Azken urteetan errepikatzen diren usadioak dira atzoko eta gaurko ospakizunak. Desfilearen jatorria, baina, bestelakoa izan zen Donostian. Antza, oparirik jasotzeko aukerarik ez zutenei jostailuak banatzeko sortu zen 1929an, Eva Diaz San Emeterio ikerlariak Errege Magoak Donostian, XIX. eta XX. mendean ikerketan biltzen duenaren arabera.
Interesgarria da oso festaren sustraiak ezagutzea, egungoarekin alderatzeko. Horretarako, XIX. mendera arte egin behar da salto, gutxi gorabehera. Garai artako datuek biltzen dutenez, jai egun berezia zen urtarrilaren 5eko gaua. Musika eta konpartsak ziren nagusi hiriko kaleetan, eta etxeko txikienek zapatak ipintzen zituzten balkoietan Erregeen opariak jasotzeko. Halere, bestelako ohiturak ere ba omen ziren hirian. 1899an El Correo de Guipuzcoa egunkariak argitaratu zuenaren arabera, Errege bezperan, bazkalostean, erretiluak ipintzen zituzten balkoietan opariak jasotzeko.
Gaur egun bezala, garai hartan ere haurrak ziren eguneko protagonistak. Ikerketak azaltzen duenez, kalez kale ibiltzen ziren abesten eta musika jotzen, diru pixka bat irabazteko xedez. Hamaika kopla eta abesti kantatzen zituzten neguko kale hotzak berotuz. Gazteek ere oso gogotsu bizitzen zuten bezpera. Ospakizun herrikoia zen. Erregeen trajeak janzten zituen soinean eta aurpegia margotzen zuten, ondoren kaleetan barrena eskean ibilitzeko. Bildutako diruarekin, hiriako tabernetan barrena ibiltzen ziren jaigiroan.
Elkartasunean, hobe
XX. mendeak aldaketak sakona ekarri zuen ospakizunera. Izan ere, 1929ko urtarrilaren 6an atera zen lehenengo Errege desfilea Donostian, eta ordutik hona ohiturak tinko jarraitu du, moldaketak moldaketa. Ongintzako Damen ekintza izan zen. Antza, opariak eraman nahi zizkieten Miserikordia babes etxeko haurrei, eta horretarako ospakizun berezia egitea pentsatu zuten. Ekimenarekin bat egin zuten Nautiko eta Euskal-Billera elkarteko kideek, eta opariak biltzeaz arduratu ziren. Guztiz ikusgarria izan zen ekintza hura. Erregeek, atzo egin zuten bezala, zaldiz egin zuten ibilbidea: Elkano kalea igo zuten Ongintzako etxera iritsi ziren arte. Atzean, artzaiak, dantzariak eta ekialdeko trajeekin jantzitako morroiek jarraitzen zieten.
Lehengo ekitaldi horrek zapore gozoa utzi zuen hirian, eta urtebete geroago ospakizuna errepikatzea erabaki zuten. 1930ean, Euskal-Billera elkarteak antolatu zuen desfilea.
Berrikuntza txiki bat gehitu zioten ospakizunari. Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek traje berriak jantzi zituzten. Antza, Madrilgo antzerki jostundegian alokatu zituzten interpretazioari errealitatea emateko xedez.Orduan ere zaldi gainean egin zuten ibilbidea Erregeek eta beren laguntzaileek. Ategorrietatik sartu ziren hirira, musikarien eta Viktoria Eugenia Erregina babes etxeko haurren babesarekin. Atzean, desfilea isten, opariz betetako autoak zihoazten. Groseko kaleetan barrena ibili ostean, Kursaaleko zubia zeharkatu, eta Kasino Handira iritsi ziren. Eraikin barruan zain zeuden San Anton Ospitaleko eta Zorroagako babes etxeko haurrak, beren opariak jasotzeko irrikitan.
Arrakastatsua izan zen bigarren jarduera hura. Horretarako, sukalde lan handia egin behar izan zuten antolatzaileek. Bezperan, esaterako, opariak biltzen ibili ziren haurren artean banatzeko.
1931n, Emakume Abertzale Batza elkarteak hartu zuen desfilea antolatzeko lekukoa. Euskal pizkundearen garaia zen, eta, horregatik, Erregeen etorreraren harira, haurrentzako festa euskaldunak antolatzen zituzten Gabonetako azken egunetan.
Urte batetik bestera antolatzaileak aldatu ziren arren, guztiek eusten zioten tinko elkartasunaren aldeko konpromisoari. Garrantzitsua izan zen oso elkarteak garai hartan hirian bete zuen funtzio humanitarioa. Urtean zehar ekintza ezberdinak antolatzen zituzten premia zuten donostiarrei laguntzeko, baina, batez ere, Gabonetan indartzen zuten beren lana. Hala, 1932ko urtarrilaren 6an, lehenengo jaialdi solidarioa antolatu zuten Kursaal Kasinoko harrera nagusian.
Bitxia da 1933 eta 1934 arteko ospakizuna. Izan ere, Erregeak bi aldiz etorri ziren hirira. Lehenengo bisita abenduaren 31n egin zuten, izan ere, orduan egin zuten urtarrileko desfilea. Ez da aurkitu arrazoi garbirik egun hura zergatik hautatu zuten jakiteko. Garai hartan, San Bartolome Jolaserako elkarteak antolatu zuen ospakizuna. Ohiturari eutsiz, Erregeek zaldiz egin zuten ibilbidea, musikarien eta laguntzaileen babesarekin. Desfilea isteko, lorez betetako karroza bat erabili zuten, urte zaharra irudikatuz.
Bigarren bisita 1934ko urtarrilaren 6an egin zuten. Emakume Abertzale Batzak antolatutako haur jaialdian parte hartu zuten, ordukoan ere, opariak premia zutenen artean banatzeko.
Urteen joan etorriarekin, sustraiak botatzen hasi zen jaialdia, eta gero eta festa indartsuagoa izaten hasi zen. 1935an, adidibez, elkartasunaren festa handia izan. Goizean zehar hiriko babes etxeak bisitatu zituzten Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek, eta arratsaldean jaialdia izan zuten Miserikordia etxean. Bizilagun asko gerturatu zen festara, eta eraikin barruan egindako kalejira batekin amaitu zuten festa.
Gerra garaitik hasi eta 70eko hamarraldira arte, Fronteko Gazteek eta hiriko elkarteek antolatu zituzen desfileak. 1978tik aurrera, Udaleko Turismo Sailak hartu zuen beregain ospakizuna. Gaur egun, baina, hasierako helburu hori albo batean geratu da. Ez legoke gaizki, ordea, hasierako izaera hura gehiago indartzea. Krisiaren ondorio larrienak pairatzen ari direnek eskertuko lukete.