Uliako Gimnastikak antolatzen duen Erregetako Krosean hartuko du parte Pablo Añorgak (Parte Zaharra, 1969), bere seme-alabekin; markatik harago, ondo pasatzea dute xede.
Hein handi batean, aitaren –Pablo Añorgaren– zaletasunari jarraiki animatu ziren korrika egitera familiako txikienak, eta
dagoeneko zenbait urte daramatzate Uliako Gimnastikan. Urte osoan zehar entrenatzen aritzen dira eta bestelako probak egiten dituzte, baina igandeko lasterketa berezia da haientzat. Asierrentzako lehenengo aldia izango da, eta Paula Añorgak (Loiola, 2003) laugarrenez egingo du. Amak –Josune Fernandezek– ez du korrika egiten, baina bere senarraren eta seme-alaben jarraitzaile sutsua da: «Logistikaz arduratzen naiz», adierazi du barre artean.
Nola hasi zineten korrika egiten?
Paula Añorga: Beti gustatu izan zait korrika egitea. Nire lagun batzuk Uliako Gimnastikan hasi ziren, eta animatu ninduten. Lau urte daramatzat taldean. Lasterketa asko egiten ditugu eta pozik nago. Nahiz eta banakako kirol bat izan, Uliako Gimnastikan talde trinkoa osatu dugu, eta beste klubekin elkartzen gara askotan.
Pablo Añorga: Duela hogei urte hasi nintzen, modu herrikoian, federatu gabe. Gaztetan kirol ugari egiten dituzu: frontoira joan zaitezke, bizikleta hartu dezakezu… Baina lanean hasten zarenean, zailagoa da ohitura horiek mantentzea eta lagunekin elkartzea. Zerbait egin nahi nuen eta horregatik hasi nintzen korrika egiten.
Zergatik duzue hain gustuko korrika egitea?
Pablo Añorga: Kirola egin nahi baduzu, errazena korrika egitea da. Oinetako batzuk gainean eraman eta edozein momentutan entrenatu dezakezu. Beste kirol batzuek ez dute aukera hori eskaintzen: pala bat, bizikleta edo lagun bat behar izaten duzu.
Ulertzen dut batzuentzako aspergarria izan daitekeela, baina guri korrika egiteak asko betetzen gaitu; izugarri gozatzen dugu. Ezinbesteko bilakatu da gure egunerokoan. Entrenatzeko uneren bat ez badut aurkitzen, gaizki sentitzen naiz. Askori mendekotasuna eragiten digu.
Zaletasun hori zure seme-alabei transmititu diezula uste duzu?
Pablo Añorga: Beraiek hasi aurretik, parte hartu dudan lasterketa guztietan egon dira ikusle gisa. Beraz, eraginen bat izango zuela uste dut. Baina egiteaz gain, telebistan atletismoa ikustea ere gustuko dut, eta beraiek erreferente asko dituzte horri esker, eliteko atleta ugari. Horrek animatu ditu bereziki.
Paula Añorga: Olinpiadak ikusten genituenean, gauza bera egin nahi genuela esaten genien gurasoei.
Pablo Añorga: Aita aspergarriagoa da! [barrez] Maila horretako atleten elegantzia nire estiloarekin konparatzen badute… normala da telebistakoak erreferente gisa hartzea!
Nolakoak dira zuen entrenamenduak? Elkarrekin aritzen zarete?
Paula Añorga: Asier eta biok Anoetan entrenatzen dugu, astelehen, asteazken eta ostiraletan. Ordu eta erdi egoten gara bertan, eta entrenamendu motak aldatzen joaten gara; asteburuan dugunaren arabera egokitzen ditugu. Adibidez, kros bat baldin badugu, serieak egiten ditugu; hesiekin edo pistan ere aritzen gara. Batzuetan, ez dut gogorik izaten entrenatzera joateko, baina gero oso gustura bueltatzen naiz etxera. Aitarekin gutxitan entrenatzen dugu.
Pablo Añorga: Ez da oso ohikoa elkarrekin entrenatzea. Gabonetan, aurten, Paulak saioak izan ditu, baina normalean ez dituzte izaten, eta Uliako Gimnastikako lasterketa prestatzeko egin izan ditugu entrenamendu batzuk. Bestela, bizikleta hartzen dugu, igerilekura joaten gara, frontoira… Gidatutako entrenamenduak adituekin egin behar dituztela uste dugu.
Nire entrenamenduei dagokienez, proba bat prestatzen badut, dinamika bat jarraitzen dut. Urtean, bospasei lasterketetan hartzen dut parte; beraz, entrenamendu zehatz batzuk egiten ditut bakoitzarentzako. Halere, geroz eta gehiago tartekatzen dut korrika egitea beste kirol batzuekin. Buruarentzako oso ona den arren, fisikoki lesioak eragin ditzake; belaunekoa da ohikoena.
Erregetako krosaz gain, badago bereziki gustuko duzuen lasterketaren bat?
Paula Añorga: Lasterketez gain, atletismoko beste alor batzuk ere lantzen ditugu Uliako Gimnastikarekin. Adibidez, belodromoan egingo dugun proba baten eguna iristeko irrikaz nago. Belodromoan lehiatzea asko gustatzen zait.
Pablo Añorga: San Silvestrekoa betidanik gustatu izan zait, eta Donostiako 15 kilometroena ere oso polita da. Lasterketa ugari daude, denak oso ongi antolatuak eta horrela oso gustura korrika egiten dut.
Zer iruditzen zaizue Erregetako krosa?
Paula Añorga: Gustatzen zait eta berezia da niretzat, baina ibilbidea luze egiten zait eta itsasotik datorren haizeak eragiten du pila bat. Nik, normalean, mendian korrika egiten dut, lokatzarekin; beraz, igandean behintzat ez naiz lokaztuko eta publikoa gertuago izango dugu!
Gabonak tartean egoteak eragiten du entrenamendu eta emaitzetan?
Pablo Añorga: Haurrak oporretan daudenez, normalean baino gehiago entrenatu dezaket. Egia da gehiago jan eta edaten dugula data hauetan, eta saiatzen zara zertxobait kontrolatzen. Baina nik ez dut ezer berezirik egiten. Saiatzen naiz jaten dudan hori guztia erretzen, gehiago entrenatzeko aukera dudalako.
Markaren bat lortu nahi duzue igandean?
Paula Añorga: Ez dut gogoratzen iazko marka. Baina ez zait bereziki axola. Lagunekin gozatu nahi dut. Beste probetarako entrenamendu bat bezala hartzen dut.
Pablo Añorga: Iaz 37 minutu inguru egin nituen, eta nire helburua da hortik ez jaistea. Dortsal bat janzten duzun unean bertan, lehian sartzen zara eta gustuko duzu marka bat egin edo kronometroa begiratzea.
87. ERREGETAKO KROSA
Eguna. Hilaren 8an, igandea.
Ordua eta distantziak. 10:30ean, kimu eta haurrak (2001-2004), 1.850 metro. 11:00etan, kadeteak (1998-2001), 4.410 metro. 11:30ean, gaztetxoak (1996-1997), 4.410 metro. Eta 12:00etan, senior elite eta korrikalari herrikoien saileko proba, 10 kilometro.
Izen-ematea.
Kirolprobak.com.